Ekainean jarri zuten martxan herriko lehenengo padel pista eta dagoeneko hainbat erabiltzailek estreinatu dute gune berria. Uribarri auzoko Soraluze Hotelaren atzeko aldean dago, golf zelaiaren ondoan, eta Irelorek kudeatzen du bertako erabilera. Taldeko Jabi Balzategik adierazi du "jende asko" dabilela, herrian ez baitago hori praktikatzeko beste lekurik.
Txanda hartzea
Padel pistak erabiltzeko, derrigorrezkoa da aurrez erreserba egitea. 09:00etatik 16:00etara bitartean lau euro ordaindu behar dira ordu bakoitzagatik eta 17:00etatik 21:00etara bitartean erreserbatuz gero, 6 euro balio du orduak. Erreserbak ordubetekoak edota ordu eta erdikoak egin ahal izango direla aurreratu du Balzategik.
Eta txanda telefono zenbaki honetara deituta hartu behar da: 665 73 94 77. "Jende asko dabil, eta padel pista berri honek ondoan daukagun golf zelaira ere erakarri du jendea; beraz, oso pozik gaude momentuz izaten ari den harrerarekin", azaldu du Balzategik. Gaur egun, padel pistan jokatzeko palak eta pilotak utzi egiten ditu elkarteak, baina aurrerago horiek alokatzeagatik ordaindu egin beharko dela gogorarazi du Balzategik.
Kluba, erregistratuta
Irelore Debalur izena izango du padeleko klubak. Izan ere, Balzategik esan du dagoeneko erregistratu dutela izena eta sortu dutela padel kluba, "baina oraindik itxaron egin beharko da bertako kide egiteko", gaineratu du. Esan du aurrerago emango dutela horren berri.