Atzo, eguena, egoerari buruz hitz egin zuten berriz enpresako eta langile batzordeko ordezkariek eta adostasunera iritsi ziren. Baina gaur goizeko bileran jaso dute akordio hori dokumentu batean eta sinatu. Dokumentu horretan jasotzen da uztailaren 5ean jarritako enplegu erregulazio espedienteari amaiera eman diola enpresak, atzera bota duela, eta lan delegaritzari emango diola horren berri gauzatu dadin. Hortaz, ez da borondatezkoak ez diren kaleratzerik egongo ezta soldata jaitsierarik ere, lan gatazka hau hasi aurreko egoeran bezala daude orain langileak.
Uztailaren 8an eta 13an lanuzteak egin ostean, mugagabeko greba ziren astekoak gaur Stadler-eko langileak eta mobilizazioak gehitzeko asmoa zuten, baina enpresak atzera bota du enplegu erregulazio espedientea eta bertan behera gelditu da greba. Atzo gauean ziren hastekoak, baina langileak joan ziren lanera eta gaurko, goizekoa zein arratsaldekoa, txandetakoak ere joango dira.
Langile batzordeak bidalitako oharrean, langileak zoriondu nahi ditu, "mobilizazioarekin zuzendaritza presionatzea lortu baitute espedientea kentzeko". Era berean, eskerrak eman nahi dizkie eskualdeko herritarrei, oro har, eta Oñatikoei, bereziki, "une oro langileen borroka babestu dutelako".