Xabier Gordoa: "Ez nuen uste hirugarren postua lortuko nuenik"

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko uzt. 16a, 09:20

31 kilometroko luzeradun Ultra Ebre ibai zeharkaldian hartu zuen parte Xabier Gordoak aurreko asteburuan Katalunian; parte hartu eta hirugarren amaitu. Bost ordu eta erdiko lana izan zen, Ebron, haize handiak eta hark sortutako olatuek zaildutakoa.

Gordoa bera ere apur bat ezustean harrapatu zuen zeharkaldian lortutako emaitzak: "Proba ez nuen espezifikoki prestatu. Nahikoa diesela naiz, eta banekien gauzak ondo egin nitzakeela, baina ez nuen pentsatzen hirugarren postua lortuko nuenik. Egia da baja pare bat egon zirela; ziur asko, ni baino hobeak izango zirenak. Baina, hala ere, egindakoarekin oso-oso gustura nago, hirugarren postuarekin baino gehiago, zeharkaldia nola egin nuen ikusita".

Azkenean lehen hiru postuetan sailkatu ziren igerilariak, Gordoa bera eta Guille Matas –irabazlea– eta Laura Volpi –bigarrena–, hasieratik nabarmendu ziren lasterketa buruan. Matasek aurrera egin zuen, eta Gordoak tripetako arazoak izan zituen tarte batean, eta aurre hartu zion Volpik ere: "Saiatu nintzen hura harrapatzen, baina ez nuen lortu, eta azken lau kilometroetan deskonektatu egin nuen probatik, baldintzak ere zailak ziren, eta esan nuen: 'Bukatu egingo dut, ez da gutxi'. Hor tarte handixeagoa atera zidaten; dena dela, nik uste eurak ni baino gehixeago zirela". 5.27.26 izan zen irabazlearen denbora; 5.30.32, bigarrenarena; eta 5.35.54 egin zuen oñatiarrak.

Lasterketak, zati desberdinak

Itsasoko zeharkaldietan bai, baina ibaian ibiltzen ez dago ohituta Xabi Gordoa. Bere berezitasunak ditu inguruneak, eta gero daude lasterketa eguneko baldintza zehatzak. Itsasoan igeri egitea baino gehiago kostatzen da ibaian, "flotagarritasun gutxiago" edukitzeagatik. "Eduki genuen lehenengo zati bat aldeko korronte handiarekin, eta oso-oso agudo joan ginen. Bigarren zati baten korronte gutxiago zegoen, eta bakoitzak bere onena eman behar zuen han. Azken zatian haizea asko sartu zen, azken zortzi kilometroetan, haize-olatua zegoen kontra, eta benetan oso gogorra izan zen zati hori".

Lasterketari aurre egiteko kayakean zihoazen bi adiskideren babesa izan zuen Gordoak –derrigorra zen–. Haien animoak entzun ez, baina keinuak lagungarri izan zitzaizkiola dio. Haien laguntzarekin egiten zituen indarrak hartzeko geldialdiak ere, 45 minutuan behin; hortxe huts egin zuela uste du: "Lehiatzen ari zarenean eta ikusten duzunean zure aurkariak aurrera doazela, ez duzu denbora galtzerik nahi, eta gauzak gaizki egin nituen, hartzen nuelako gel bat agudo, gatzei tragoa eman eta barratxoa batzuetan jaten nuen eta beste batzuetan ez".

Kontuak kontu, "oso esperientzia polita" izan dela dio Gordoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak