Hoberenen taldetxoan helmugaratu zen Casais lehen etapan; zapatukoa, berriz, irabazi egin zuen. Ihes eginda zihoazen bi txirrindulari alde handiegia –minutu eta laurden– hartzen ari zirela-eta, berak bakarrik egin zuen tropeletik aurrera. Harrapatu egin zituen biak, eta bat atzean utzi ere bai. Eta esprintean irabazi egin zion Casaisek Sanse-Rotor taldeko Alberto Fernandezi. 25 segundo atera zizkioten tropelari.
Azken etapari abantailarekin ekin zion, beraz, oñatiarrak. Baina jende asko zuen 25 segundoko atzerapenarekin, eta behin eta berriro erasotu zuten; azken igoeran apur bat atzeratu zen liderra, baina jaitsieran berriro egin zuen bat. Lidertzari eusteko bere taldeak, Ampo-Ikolanek, egindako lan handia nabarmendu zuen, eta oso pozik agertu zen garaipenarekin: "Oso maila ona zegoen. Espainiako txirrindulari onenak eta Frantziako talde bat eta portugaldar batzuk ere bazeuden, eta baita kolonbiarrak, brasildarrak... Nire garaipen handiena da".