Hainbat bilera egin dituzte dagoeneko zuzendaritzak eta enpresa batzordeko kideek, baina LABeko ordezkaritzak azaldu duenez, oraindik enpresak ez du "jarrera aldatu". Egubakoitzean bilduko dira berriz bi alderdiak, eta bilera horretan adostutakoaren arabera, greba mugagabea abiatu edo ez erabakiko dute langileek. "Zuzendaritzak bere jarrera aldatu ezean, uztailaren 16tik aurrera langileok greba mugagabea hasiko dugu", diote oharrean.
Egun, 63 langilek egiten dute lan Stadlerren, eta gaur mobilizazioak egin dituzte enpresan bertan eta baita Oñatiko plazan ere. "Koronabirusaren aitzakipean, hamabi kaleratze egin nahi ditu enpresako zuzendaritzak, eta %30ko soldata murrizketa inposatu nahi izan zuten", azaldu du LABeko ordezkaritzak. Stadlerreko zuzendaritzak, bestalde, ez du adierazpenik egin nahi izan.