Hemeretzi egunetako mendi ibilbideak eta hamabost kontzertu jasotzen dituen Urmuga ekimenak, Oñatin egingo du geldialdia domeka honetan. Izaro Elorza alkateak adierazi nahi izan du Urmuga ez dela soilik mendiak eta kultura batzen dituen egitasmo bat, hauxe gaineratu du: "Hortik haratago doa batzen dituelako lurralde barneko ez-mugak, Euskal Herria bera, gure hizkuntza euskara, herria... eta bat egiten dugu horrekin guztiarekin".
Kontzertu "bereziak"
Foruen plazako pilotalekuan Euskal Herriko lau musikari ezagun ikusi eta entzun ahalko dira: Maider Zabalegi, Alex Sardui, Petti eta Ekiza izango dira oholtzan, 18:30ean. Dena den, horiek ez dira bakarrik egongo, bakoitzak bere hiruzpalau kantu abestuko ditu eta gero guztiek batera kantatzeko aukera ere izango dute. Baina "berezia" izango da, Urmugako proiektuaren arduradunetako bat den eta oholtzan pianoa jotzen egongo den Juantxo Zeberioren esanetan. Izan ere, Et Incarnatus hari orkestraz gain, beste lau musikariren laguntza ere izango dute –Gorka Benitez, saxofoian; Karlos Aranzegi baterian; Itsaso Etxebeste, baxuan; eta Zeberio bera pianoan–. "Kantu ezagunak entzun ahal izango dira, inoiz entzun gabeko bertsioetan. Azken egunetan egin ditugu entseguak artistekin eta nahiz eta kantu jatorrizkoak izan, orkestraren eta taldearen moldaketak bereziak eta berriak dira. Artistendako eurendako ere bai, eta hori da kontzertu hauen berezitasun nagusiena", adierazi du Zeberiok.
Alos Quartet taldea, berriz, Urbian izango da domekan, 13:00etan.
Sarrerak salgai
Urmuga.eus webgunean eros daitezke kontzertu horietarako sarrerak. Alos Quartet taldea ikusteko 15 euroan, eta Foruen plazako emanaldirako 20 euroan. Hamabi urtetik beherakoek ez dute sarrera ordaindu beharko.