Gustura egon dira 4 eta 12 urte bitarteko haurrak eta gaztetxoak euskal mitologiari buruzko istorioak entzuten eta pertsonaien bitartez egin dituzten kontakizunak ikusten.
Ordubeteko bi saio eskaini dituzte Arantzazu Lab-eko batzar zentroan eta Euskal Herriko hainbat lekutako istorioak kontatu dituzte. Maitane Aizpuruak eman dio bizia Marimunduko pertsonaiari eta harek gidatu ditu istorioak, beste pertsonaia batzuen laguntzarekin: “Umeen arreta mantentzea gaur egun horrenbeste teknologia eskura daukaten garaian oso zaila da, orduan lehenengo bi ipuinak nik bakarrik kontatzen ditut, baina azkenekoa antzeztua izaten da eta pertsonaiak azaltzen dira. Eta tartean, ipuin batetik bestera ere pertsonaiaren bat azaltzen da, umeen arreta mantentzen saiatzen gara, eta aldi berean, ume horiei pertsonaia horiek gutxi gorabehera nolakoak izan zitezkeen ikusten laguntzen diegu”, esan du Aizpuruak.
Gaineratu du ondare hori “denona” dela eta “bizirik mantentzen” saiatu behar garela, horretarako, hori “zabaltzen” jarraitzeak daukan garrantzia azpimarratu du.