Pianoaren laguntzarekin kantuan eman zion hasiera Maren musikariak, atzoko kontzertuari. Lehenengo abestiaren ostean, Udalari eskerrak eman zizkion garai hauetan kultura bultzatzen jarraitzeagatik. Ondoren adierazi zuen, kontzertuen bitartez, bere helburuetako bat izaten dela, entzuleek beraren musika "beste modu batean" entzutea.
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abestu zuen musikari gazteak. Batzuetan bakarrik, beste batzuetan berarekin batera oholtza gainean izan ziren musikari katalanen laguntzarekin. Eta kantu eta kantu artean, mikrofonoaren aurrean hitz egiteko lotsarik ez zuen izan, entzuleei momentuan bizitzen ari zen hori kontatzeko edota bere abestiak aurkezteko.
Lazarraga lorategian herritar ugari batu ziren, zuzenekoaz gozatzeko asmoz.
Udako programazioaren barruan
Esk-ult-ura, kultura eskura izeneko Udalak prestatu duen udako agendaren barruko hitzordua izan zen atzokoa. Aurretik, programazio horren barruan, musika eskolakoek eman zituzten kontzertuak; joan zen egubakoitzean, berriz, Hots abesbatzak eta Ganbara Abesbatzak eskaini zuten emanaldia Asentzion.
Hurrengo hitzordua eguaztenean, hilaren 7an, izango da Lazarraga lorategian, 19:00etan. Maite Larburu musikariaren Hezurren azpian diskoko kantuak izango dira entzungai zuzenekoan eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko webgunean, Foruen Enparantzako ticket makinan eta Txokolateixan.