Zazpibidetako sistema berria prest dago

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko eka. 30a, 09:26

San Migel parrokia parean jarritako armairua eta lurreko detekzio guneak.

Pibote hidrauliko batzuk eta horiek kontrolatuko dituzten sistema gordetzen duten armairu moduko batzuk jarri dituzte San Migel parrokiaren eta ONCEko postuaren parean. Uztailaren hasieran martxan jartzea da asmoa.

Aurrerantzean ere oinezkoek izango dute lehentasuna Zazpibidetako bidegurutzean asteburu eta jaiegunetan. Baimendutako ibilgailuak baino ez dira pasako egun horietan hortik, eta hori ahalbideratuko duen pibote hidraulikoen sistema prest dago dagoeneko. Proba moduan funtzionatuko du egun batzuetan eta asmoa da uztailaren hasieran martxan jartzea.

Matrikula irakurriko dute

Pibote hidraulikoak San Migel parrokiaren parean eta ONCEko postuaren ondoan jarri dituzte, eta bi puntu horietan, baita pibote horien erabilera automatikoki kontrolatuko duten sistema gordetzen duten armairu moduko batzuk. Armairu horien parean, lurrean, kolore zuriko karratu handi batzuk ere badaude. "Ibilgailuak detektatzeko guneak dira horiek. Ibilgailuren batek hortik pasa behar badu, karratu horietako baten gainean jarri eta sistema berri honek matrikula irakurri arte itxaron beharko du. Baimena izanez gero, piboteak jaitsi egingo dira ibilgailua pasatzeko, bestela, sarrera debekatua duen mezua irakurriko du armairuan", azaldu du Izaro Elorza alkateak.

Bakardadeko Ama kalean, Aker tabernaren parean, Unibertsitateko etorbidetik datorren ibilgailuak pasatzen uzteko seinalea marraztu dute, eta hango aparkalekuetako bat bizikletak uzteko gune moduan erabiliko da aurrerantzean, armairua jarrita ez dago-eta toki nahikorik ibilgailu bat aparkatzeko.

Ordutegia lehengoa izango da

Aurretik hesiak, kamerak eta semaforoak jarri dituzte, esaterako, asteburuko zirkulazioa neurtzeko, baina ez dute gura ziren emaitzarik lortu, eta pibote hidraulikoen sistema jarri dute orain. Errioxako Nortrafic SL enpresak egin ditu lanak eta 35.000 pasa euroko aurrekontua izan dute. Hain zuzen ere, apirilaren erdialdean hasi dira lanak egiten, eta, dena ondo bidean, uztailaren hasieran egongo dira martxan. Ordutegia ohikoa izango da: egubakoitz arratsaldetik zapatu goizera eta zapatu arratsaldetik domeka gauera egongo da itxita bidegurutzea ibilgailuendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak