Udalekuak eta kirol ekintzak gaur hasiko dira

Oihana Elorza Gorostiza 2021eko ekainaren 28a

Globoak urez beteta (Argazkia: PxHere)

Eltzia, gaztelekua eta Zubikoa kiroldegia izango dira gune nagusiak, baina herrian zehar ere ibiliko dira gaztetxoak.

Gaur, astelehena, hasi eta lau astez, udaleku irekietan hartuko dute parte HH-3tik LH-6ra bitarteko 400 neska-mutikok. Joan den urtean baino material gehiago izango dute, uraren eguna eta ur jolasak berreskuratuko dituzte eta Araotzera, Arantzazura, Zubillagara, Olabarrietara eta Usakora ere joango dira, adibidez.

Bi gunetan banatuko dira udaleku irekietan: LH-2tik LH-6ra bitartekoen erreferentzia puntua Eltzia izango da, eta inguruko auzoetan egongo dira elkarguneak; HH-3 eta LH-2 artekoen gunea, berriz, gaztelekua izango da, eta elkarguneak azoka, frontoia eta inguruko beste gune batzuk.

Udako kirol kanpainan, 700dik gora ume izango dira, HH-4 eta DBH artekoak. 22 jarduera eskainiko dituzte, 1.300 ekintza baino gehiago, guztira. Golfa, xakea eta uretako ekintzak, esaterako, lau astekoak izango dira, baina jarduera gehienak, bikoak; lehen txanda uztailaren 9ra arte izango da. Zubikoa izango da gune nagusia, baina hortik kanpo ere ibiliko dira; baso-eskola aukeratu dutenak, adibidez, San Martin inguruan ibiliko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak