"Leku berria zen guretako, eta oso gustura egon gara", azaldu du Ganbara Abesbatzako zuzendari Aitor Biainek. Udako gauak ekimenaren barruan eskaini zuten emanaldia Ganbara eta Hots abesbatzek, Murgia auzoko Asentzio ermitaren aurrealdean.
Paisaia paregabea
Euskal tradiziotik eta kulturatik kantatu zuten abeslariek, eta ikusleek giro beroa jarri zuten. Horri guztiari inguruko irudia gehituz gero, "ilunabar liluragarria" bizi izan zutela dio Biainek: "Inguruko mendiak... gainera emanaldia hasi genuenean argi zegoen oraindik, eta eguzkia sartzen ikustea... argia etengabe aldatzen zen".
Ikusleak eserita
150 bat ikusle joan ziren. "Nabarmendu behar da Asentziora oinez joan behar dela...", gehitu du Biainek. Ikusleek gozatu egin zuten emanaldiarekin eta txalo zaparrada beroak eskaini zizkien abeslariei. Bi gunetan jarri zituzten aulkiak: ermitaren aurrealdean eta behean, aparkatzeko gunean. Ordu eta laurdeneko emanaldia izan zen bart eskaini zutena.