Eider Egaña: "Orain arte izan dudan ametsik handiena bete nuen atzo"

Txomin Madina Milikua 2021ko eka. 20a, 14:08
Eider Egaña, atzoko debutean. Argazkia: SD Eibar

Ligako azken aurreko jardunaldian, eta sei hilabetez Eibarren talde nagusiarekin entrenatu ostean, Eider Egañak (Oñati, 2003) atzo egin zuen debuta Lehenengo Mailan. Sportingen aurka 1-3 galdu arren, pozik dago oñatiarra. Esan, Uxue Iparragirre antzuolarrak ere denboraldi hasieran egin zuela debuta Eibarren lehen taldearekin.

Zenbat amets bete zenituen atzo?

Inoiz lortzea espero ez nuen bat, orain arte izan dudan ametsik handiena. Orain bost urte, Aloñan ari nintzela, oso urrun ikusten nuen, ezinezkoa. Badut hilabete batzuetan gustura egoteko motiborik!

Nola hartu zenuen berria atzoko partiduan Eibarren lehen taldearekin debutatuko zenuela esan zizutenean? Eta partidua bera, nola bizi izan zenuen?

Astean zehar ikusten zen debuta egiteko aukera izan nezakeela, baina atzora arte ez zidaten ofizialki esan. Momentuan tentsio handiarekin bizi izan nuen, bai behintzat berotzen hasi arte. Lehenengo maila da, eta hasieran uste dut ez dagoela inor ere jokatzeko prestatuta. Partidua hasitakoan, baina, espero baino askoz lasaiago aritu nintzen. Ahalik eta normaltasun handienarekin jokatzen saiatu nintzen, non nengoen jakinda, baina partidu arrunt bat balitz bezala.

Zein izan zenuen buruan debuta egiteko momentuan?

Eibarren daramatzadan bost urteetan jende asko ezagutu dut, baina momentu onetan eta txarretan beti hor egon direnak familiakoak izan dira, gurasoak bereziki: astean bost alditan entrenatuta milaka buelta eman dituzten nirekin horietara joan ahal izateko. Eurekin geratzen naiz, baita gertuko taldekideekin, atzoko debutean eroso egoten lagundu zidatenekin.

Argazkia: Eibar SD

Pena partidua bera galdu izana.

Bai, pena bat. Oso azkar jarri ginen markagailuan atzetik. Baina denok ere ados geunden gauza batekin: emaitza zela gutxienekoa, mailari eusteko helburua lortuta geneukalako eta gozatzeko eguna zelako.

Sei hilabetetan talde nagusiarekin entrenatzen ibili eta konbokatuta egoteak, baina gero ez jolasteak ere izango du berea...

Nik badakit atezainarena postu zailenetakoa dela. Jokalari izanda beti duzula bost edo hamar minutu bakarrik jokatzeko aukera; atezaina bazara, aldiz, edo jokatzen duzu edo ez. Hori eramatea zaila izan da momentu batzuetan, aurtengo denboraldia ez nuelako horrela irudikatzen. 18 urterekin egun batetik bestera esaten dizutenean hainbat hilabetetan jokatu gabe egongo zarela... Ez da samurra izan. Baina egia esan pila bat ikasi dut taldekideengandik eta ez nuke inoiz ere pentsatuko futbolean jokatzera Sevillara edo Madrilera joateko aukerarik izango nuenik. Aurten bizi izan dudan hori guztia ez nuke ezergatik aldatuko.

Hiru hamarkada baino gehiago ziren Oñatiko futbol jokalari batel lehen mailan jokatzen ez zuela. Hori ere harro modukoa, ezta?

Aratz Losadak esan arte ez nekien 34 urte pasatu zirela azkenengo alditik. Garrantzia ere ematen dio horrek debutatu izanari eta erakusten du ez dela erraza horra heltzea, urte askotako lanaren emaitza dela. Baina lana eginez gero lortu daitekeela ere erakusten du.

Argazkia: Eibar SD

Behin debuta eginda, aurrera begira gehiago ikusiko zaitugu Eibarren lehen taldearekin?

Hurrengo asteburuan Bartzelonaren kontra dugu azken jardunaldia, eta ez dakit jokatzeko aukerarik izango dudan. Hurrengo denboraldira begira, beste urtebeterako kontratua dut Eibarrekin. Oraingo denboraldi bukaeran elkartuko naiz arduradunekin ea datorren urterako ze asmo dituzten nirekin. Baina asmoa da ikasten eta lanean jarraitzea, emakumezkoen futbolean urte baten goian eta hurrengoan behean egon zaitezkeelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak