Fernando Gutierrez Garate: "Herri aberatsa da Oñati, eta ez soilik poltsikoan"

Jone Olabarria 2021ko eka. 18a, 14:27

Bezeroen arazoak barneratzea "astuna" izan daitekeen arren, gustura aritzen da Oñatin lanean abokatua. Herri "leiala, langilea eta berritzailea" dela esan du

Azken asteko beroak eraginda, "seriotasuna helarazteko" janzten duen gorbatak apur bat estutzen duela, lanbidearen eta Oñatiren nondik norako batzuk aitortu ditu Fernando Gutierrez Garate eibartarrak. Bere jaioterriarekin "antzekotasun ugari" sumatzen ditu; batez ere, leialtasunean: "Oñatiko lagun bat duzunean, bizitza osorako da".

Herri aberatsa den ospea du Oñatik. Hala da? Igartzen duzue zuen eguneroko lanean?

Esango nuke Oñatiko jendeak duen aberastasuna eremu askotan nabarmentzen dela, ez patrikari dagokionez bakarrik. Baina bai, Oñati herri langile eta aberatsa da, beti ideia berritzaileak dituena.

Eibartarra zara zu, eta Durangon ere badu Gualbik zerbitzua. Zergatik Debagoienera zabaldu negozioa?

Egia esan, berez, Gualbi Oñatin jaio zen, lehen bezeroak Oñatikoak baitziren. Denboran aurrera joan ahala geroz eta bezero gehiagok kontratatu dituzte gure zerbitzuak, eta, hazkunde horren ondorioz, Oñatiko bulegoa sendotu egin da.

Derrigorrezkoa duzue trajearekin jantzita joatea ala itxurakeria da?

Erdi eta erdi; kar, kar. Bai Durangon bai Oñatin tinko jarraitu dugu trajearekin, eta seriotasuna helarazteko modu bat dela uste dugu. Hori bai, udako beroak etortzen direnean, gure ustea makalduz joaten da. Baliteke etorkizun ez hain luzean gure janzkeraren berrikuspen bat egin beharra izatea.

Lanera etortzeagatik soilik bada ere, ezagutuko duzu apur bat herria...

Nagusiki, oñatiarren leialtasuna azpimarratuko nuke hainbeste urteren ostean. Oñatiko lagun bat duzunean, bizitza osorako duzula sumatzen duzu, zuk ere leialtasunez jokatzen duzun bitartean, noski... Eibarrekiko antzekotasun handiak ikusten dizkiot, alde horretatik.

Lan honen okerrena? Aholkulariek gehien gorrotatzen duzuena...

Arlo guztietan bezala, iritzien araberakoa da. Baina esango nuke bezeroaren arazoak zuretzat barneratzea astuna izan daitekeela, zenbait kasutan.

Interneten gorakadak nola harrapatu zaitu? Sakondu egin behar izan duzu ala ondo moldatzen zara?

Bezeroari erraztasunak eman behar zaizkio beti, eta, horretarako, teknologia arloan apustu garrantzitsua egin behar da.

Goiena 0km gida-k zer eskaintzen dizue?

Erakusleiho bat da, informazio guztia bertan batuta izateko.

Aurrez aurreko zerbitzua eta erosketak, ala sareen bitartez?

Aurrez aurrekoa lehenesten dut. Lanerako, baina, bideo-deiak gure egunerokoan sartu dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak