Gizarte "ilunari, argia" jartzeko gogoz datoz Potx eta Lotx

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko eka. 11a, 19:24

Kaleak bizirik disko berria atera dute Potx eta Lotx pailazoek, hamar kantu berrirekin. Oraingoan ere, letrak Txinparta bertso eskolakoek egindakoak dira eta ikuskizun berria irailean estreinatuko dute Bilboko Campos Eliseos antzokian. Potxetalotx.eus webgunean eskuratu daiteke diskoa, hamabi euroren truke.

Itxialdian sortutako diskoa da Potx eta Lotxen berriena, eta aurrekoak baino "landuagoa", Potx pailazoari bizia ematen dion Josu Zubiaren esanetan.

Kaleak bizirik lanean hamar kantu jaso dituzte eta berrikuntza bezala esan daiteke Txinparta bertso eskolako gaztetxoenek ere idatzi dutela bertako kantuetako bat, Egun txarra izenekoa: "Beti helduenek egin izan dituzte kantuak eta ikusi genuen erronka polita zela gaztetxoek ere kanturen baten letra sortzea. Egin dute eta oso pozik gelditu gara emaitzarekin", azaldu du Zubiak. Diskoari ahotsa jartzen ere parte hartu dute horiek, beste haur batzuekin batera. Guztira, 26 lagunek jarri dituzte ahotsak oraingo diskoan.

Musikari dagokionez, Xabi Yaniz izan dute gitarra elektrikotan, eta baterian, Oriol Flores. Musika sorkuntza eta ekoizpen lan guztiak, berriz, Josu Zubiak berak egin ditu. "Sortutako lanaren bitartez, gure helburuetariko bat da Oñatiko eta inguruko sortzaileak aktibatzea", azpimarratu du Zubiak.

Askotariko gaiak landu dituzte

Kantuetan hainbat gai jorratu dituzte: kaleko bizitzari dagokionez, komertzio txikiei, kaleko artistei edota parrandei buruz hitz egiten dute; mende honetako bizitza erritmoak eragindako "nahigabeak" ere landu dituzte, esaterako, estresa edota jendearen seriotasuna; hitzen esanahiekin jolasten duen Pilota berria kantua ere egin dute; eta regetoi musikaren parodia entzun daiteke Txunpa txun abestian.

Horiekin guztiekin hainbat aldarrikapen egin nahi izan dituztela ere gaineratu du Zubiak: "Gure inperfekzio, kontraesan eta miseriak askatasunez onartu ahal izatea; gizarte ilunari argi apur bat jarri nahi diogu barrearen bitartez; kaleak berreskuratzen hastea ere nahi dugu, zentzuz, baina, irmo; kaleei bizitza ematen dietenekiko begirunez jokatzea ere bai...".

Bi bideoklip ikusgai

Dagoeneko bi ikus-entzunezko ere argitaratu dituzte: lehena urtarrilaren 4ean argitaratu zuten, Txunpa txun kantuarekin, eta bigarrena maiatzaren 23an, Pilota berria abestiarekin.

Ikuskizuna ere bai

Kaleak bizirik ikuskizuna irailean estreinatuko dute Bilboko Campos Eliseos antzokian, eta sarrerak laster jarriko dituzte salgai. Bitartean, Etxean ikuskizuna ikusteko azken aukerak izango dira Lemoan (ekainak 18), Zamudion (ekainak 27), Amoroton, Lizarran, Ataunen, Getarian eta azkena abuztuan Zarautzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak