HAPOa herritarren parte-hartzearekin egin eta egingo dutela dio Udal Gobernuak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko eka. 9a, 09:34

Erdigunerako sarreretako bat.

Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra oraindik idatzi gabe dagoela dio Udal Gobernuak, aurrerakina osoko bilkuran onartu ostean hasiko direla horretan. Hurrengo faseak ere herritarren parte-hartzearekin egingo dituztela gaineratu du.

Udal Gobernuak bidalitako oharrak zioen moduan, 2018an ekin zioten HAPOren egitasmoari, eta ordutik hona "herritarren partaidetza bidelagun" dela joan da forma hartzen. "Informaziorako eta parte-hartzerako zenbait mekanismo ezartzea aurreikusi zen fase horietan guztietan, eta halaxe egin da. Hori bai, aintzat hartu beharra dago parte-hartze prozesuak ezin duela zurruna izan, unean uneko egoerara eta beharretara moldatu beharra dagoela. Prozesua bera da haren jarraipena zehaztuko duena", alkatearen esanetan. Gaineratu du aurrez aurreko informazio saioak, lan-tailerrak, kale erakusketak eta kontraste saioak egin direla herritarrekin batera eta aurrerakin faseko emaitzak herritarren aurrean aurkeztu zirela, maiatzaren 10ean, gaztelekuan: "Ordurako, publiko eginda genituen aurrerakin fa-seko emaitzak, Kontzejupetik herri aldizkariaren bidez. Hartara, herritarrek aurrez ezagutzen zituzten saioaren nondik norakoak, eta, parte hartzeari dagokionez, kokatuago egon zitezkeen". Udal Plangintzako Aholku Kontseilua ere berraktibatu ez ezik, osatu egin dela nabarmentzen da, formalki eratuak ez dauden kolektibo berriei leku egin zaiela azpimarratuz. Eta hauek ere HAPOa eguneratzeko orain arteko lanketan parte hartu dutela aipatzen da idatzian.

Bost fasetan banaturiko prozesua da HAPOaren lanketarena, eta, gaur-gaurkoz, bigarrenean, aurrerakina lantzeko fasean -diagnostiko fasea egin da aurretik-, da. Oraindik hasi barik dago Plan Orokorraren idazketa -hurrengo fasean hasten da-. "Hau da, orain artekoa ez da plana bera, HAPOa izango dena idatzi ahal izateko aurretikoa baizik. Aurrerago etorriko da zehaztasunak lantzeko eta idazteko momentua, beraz, behin-behinekoa da orain arteko faseetan jasotakoa". Udal Gobernuak gaineratu du lau hilabeteko epea jarri zuela aurrerakin dokumentuari iradokizunak aurkezteko, nahiz eta legeak hiru hilabetekoa agintzen duen. Epe horretan hamabost ekarpen jaso zituztela eta guztien erantzun proposamena landuta dutela. Behin aurrerakina Osoko Bilkuran onartuta, plana bera idazteko fasea hasiko da, eta, hor
ere, herritarrek parte-hartzeko aukera izango dutela gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak