Duela lau urte aurkeztutako ermitetatik eta duela bi aurkeztutako lantoki edo fabriketatik, Oñatiko Txokolaterara salto egin dute Ganbara Kantu Eskolakoek, aurtengoan. Bi urtean behin gauzatzen duten Oñati ezagutzen ekimenarekin, herriko ondarea ikastetxeekin batera gainetik landu nahi izaten dute, eta herriko ondare hori musikarekin atontzen dute. Oraingoan eskainiko duten kontzertuari Triki traka Oñatiko trena izena jarri diote.
Orain arte, horrelakoetan, hainbat kontzertu eskaini izan dituzte ez ohiko lekuetan, eta aurtengo ere, asmo eta gogo hori zuten, baina pandemiagatik ezin izango dute nahi bezala egin, eta azkenean kontzertu bakarra eskainiko dute Santa Anan, zapatuan 19:00etan. Emankizun bakar horretan, musikaz gain, ikus-entzunezkoak ere erakutsiko dituztela aurreratu dute prentsaurrekoan.
Guztira, Ganbara Txiki Abesbatzako, Ganbara Txikitxo Abesbatzako eta tailerretako 65 umek hartuko dute parte. Kontzertuaren amaieran, guztiek batera abestuko dute kontzertuari izena ematen dion Triki traka Oñatiko trena kantua.
Liburuxka ere bai
Aurreko urtetan bezala, oraingoan ere argitaratu dute gaia lantzen duen liburuxka. Bertan irakur daitezke 1923tik 1967ra bitarteko Txokolateria trenaren nondik norakoak, Vasco-Navarro trenbidearen gainekoak, edota baita zenbait herritarren testigantzak ere.
2.500 ale argitaratu dituzte, eta dagoeneko banatu zaizkie herriko hiru ikastetxeetako familia bakoitzari, liburuxka bana. Kultur etxean ere eskatu ahal izango dira.
Sarrerak, salgai
Txokolateixan, Foruen Enparatzako ticket makinan edota internet bitartez eros daitezke dagoeneko zapatuko emanaldirako sarrerak, bost eurotan. Zapatuan bertan, Santa Ana antzokian ere eskuratu ahal izango dira.