Bi ahizpak corpusetan dantza egitearenak derrigor izan behar zuen berria, kontuan izanda hiru urte baino ez direla emakumeak herriko festa berezian dantza egiten hasi zirela. Hain justu ere, Amaia Tatiegi izan zen 2018ko jaietan dantza egiteko aukera izan zuten nesketako bat; zapatu goizean eta astebu-ruko ekitaldi nagusian, domeka goizeko prozesioan, jardun zuen. Ainhoa ahizpak hurrengo urtean izan zuen aukera, baina aurten izango da lehen aldia bi ahizpak bederatziko berean jardungo dutena –asteburu berean hainbat bederatziko izaten dira, saioak bezala–, domeka arratsaldean.
Pandemiaren eraginez, aurtengoak ere ez dira ohiko corpusak izango, nahiz eta iazkoetan baino saio gehiago izango diren, hori bai. Ikastetxez ikastetxe ariko dira gaur, egubakoi-tza, dantzariak; domeka goizean, berriz, meza nagusian egingo dute dantza, eta arratsaldean plazako frontoian –bi ekitaldiotarako gonbidapenak behar dira, eta agortuta daude–.
Frontoiko saioan jardungo duten Tatiegi ahizpentzat lehen aldia izango da corpusetan el-karrekin, baina Antzuolan egindako Dantzari Egun batean bai, dantzatu zituzten batera Oñatiko dantzak. "Lehenengo aldi hark ilusioa egin zigun, bai", dio Ainhoak; eta Amaiak erantsi: "Baina aurtengoa ere berezia izango da; gainera, elkarren ondoan tokatuko zaigu".
Aitor neba ere nagusien dantza taldeko kide da; hark ez du, oraindik, corpusetan dantza egiteko aukerarik izan: "Bera falta da. Baina, bueno, gazteagoa ere bada, eta edukiko du aukera oraindik gurekin entseatzen hasteko, eta ea zer gertatzen den gero". Bederatziko berean hiru neba-arrebak egotea "larregikoa" izango litzatekeela diote, hala ere, ahizpek, barre artean.
Agirretarrak
Julen eta Alazne Agirrek hirugarren aldiz egingo dute elkarrekin dantza corpusetan; do-meka goizeko saioan izango da. Julen lehenago ere jardunda, Alazne ere 2018ko hartan estreinatu zen. Oñatiarrentzat –eta, tartean, Oñatzeko dantzarientzat– halako ospakizun berezia, Alaznek dio "polita" izan zela nebarekin une haiek konpartitzea: "Eta lehenengo urtean Iñigorekin [Murgiondo] ere bai, kapitaina, gure lehengusua dena. Polita izan zen niretzako berarekin ikastea eta lehen aldiz irten nintzenean neba eta lehengusua, biak, edukitzea hor, konfiantzaz jarduteko. Polita da guretzat eta familiarentzat".
Familiarentzat, gurasoentzat ere bai: "Corpusak gure etxean beti izan dira asteburu berezia. Julen dantzan ateratzen zenean, batez ere domeka goizean, lehen aldiz atera zenean, gogoratzen dut guraso biak nola zeuden negar malkotxoarekin. Eta, gero, biok batera ikustea Oñatiko arropekin Oñatiko dantzak egiten, bada, polita izan zen. Eta aurten ere, jakin zutenean domeka goizean egin behar genuela biok, ezin ziren mezarako sarrerarik gabe geratu".
Juleni "burutik pasatu ere" ez zitzaion egiten corpusetan arrebarekin dantza egiteko aukera izango zuenik: "Gero, prozesu natural moduan etorri zen neskak entseatzen hastea, jende askok lana ondo eta asko egin ostean, eta gero eta gertuago ikusten duzu, eta hasten zara pentsatzen: 'Agian, hau errealitate bihurtu daiteke". Eta bihurtu zen: "Hasieran espero ez genuen aukera hori sortu zen".
Opari bat. "Alineazioa esan behar zutenean, ni Julenena noiz esango ote zuten, eta: 'Ai ama! Biok egun berean! Ai ama!'. Lehenengo urtea neskak irteten ginena, neuri tokatzea, eta, gainera, Julenekin eta Iñigorekin... Oso polita izan zen, hunkigarria izan zen", dio Alaznek. "Beti izan da pozgarria neba dantzan ikustea corpusetako asteburuan, eta biok batera egitea... Eta bera ere ikusten nuen pozik, iritsi ginelako dantza batera egitera. Izan ere, beste dantza batzuk egin ditugu, Luzaidekoa-eta, baina honen prozesua bereziki berezia izan da".
Aurten emanaldi nagusian ariko dira elkarrekin, eta Alaznek dio eguna gerturatzen doan heinean nabaritzen dituela tximeletak sabelean; Julen saiatzen da arrebari patxada transmititzen –tximeletak berak ere iza-ten ditu, elizakoa berezia izaten delako–: "Esperientzia dugun aldetik, lasaiago gaudenoi tokatzen zaigu bai, agian, teknikoki zuzentzea, posturak-eta, baina gehiago lasaitasun hori transmititzea". Dantzan ari direla, jarriko dio arreta arrebari: "Ondo egingo du, ez dut inolako zalantzarik".
Uriartetarrak
Eneko eta Axier Uriarte anaiek 2019an domeka goiz eta arratsaldean egin zuten elkarrekin dantza corpusetan –beste egunetan ere egin izan dute batera–. Corpusetan elkarrekin dantza egin zutenerako, batera dantza asko egindakoak ziren, eta diote, horregatik, corpusetan dantza egiteak berak sortu izan diela zirrara handiagoa anaiarekin egiteak baino. Familiarentzako bai, familiarentzako bereziagoa izan zen: "Amandrearentzako, bi bilobak han, aldarean, ikustea edo prozesioan ikustea, asko da; amandrearentzako, etxeko denentzako". Beti komentatzen omen zuten etxekoek ea noiz tokatzen ote zitzaien bi anaiei batera dantza egitea: "Momentua heldu zenean, amandrea-eta elizan malkoei eutsi ezinda".
Oñatz dantza taldeak urtean egiten duen emanaldi garrantzitsuena dela dio Axierrek, norbera bertan egotea nahi izaten den ospakizuna: "Pertsona bat behin nagusien taldera iristen denean, esaten du: 'Behintzat corpusetan dantza egin arte, jarraituko dut".
Corpusek duten garrantzia kontuan izanda, ez da edozelako ardura nortzuk dantzatuko duten erabakitzea; uneko eta aurreko kapitainen eta Jesus Irizar Txutxin-en erabakia izaten da. Mikel Biain da kapitaina 2019a ezkero: "Urteko merituak hartzen ditugu kontuan: entseguetara agertu zaren, dantza taldearekiko hartutako konpromisoa... Eta, gero, beterano eta gazteagoen artean oreka bat bilatzen saiatzen gara, momentu bereziren bat salbatu behar bada edo zerbait inprobisatu, beterano batek jakin ohi duelako nola jokatu". 30 dantzari inguru hasten dira entseguetan –bikoitza baino gehiago dira, denera–, eta hortik aukeratzen dituzte bederatzikoak.
Pandemiak etendakoari berrekinez
Pandemia "kolpe gogorra" izan zen Oñatzentzako ere, 50. urteurrena ospatzen ari ziren urtean iritsi baitzen, gainera. Ospakizunak etenda eta denbora askoan geldi egon dira tarte honetan, Amaiur Mendik dioen bezala: "2020ko uztailean entsegu pare bat, kontaktua berrartze aldera, eta irailean Bilbon ekitaldi bat egin genituen, baina handik aurrera ezer ez". Erakundeek ateratako jarraibideetan, oraintsura arte dantza aipatu ere ez zela egiten dio Mendik: "Bakarrik sentitu gara, existituko ez bagina bezala". Orain, Aste Santu ostean hasi dira entseguekin –umeenekin ere berriki–, eta gauzak hartu du beste itxura bat: "Taldea gogoz dago". Izan ere, corpusez gain, urteurreneko ospakizunak amaitzeko irailean egingo duten ekitaldia ere hasi dira prestatzen. Orain arte, pandemia hasi zenetik, arropen erakusketa eta erraldoien jaialdia bakarrik egin ahal izan dituzte. Erraldoiak aipatuta, egubakoitzean –arratsaldean, plazan– eta domekan –goizean plazan eta arratsaldean frontoian– jarriko dituzte salgai Andre Ederra eta Maurixio panpinak. Azkenik, Corpus bueltakoekin amaitzeko, eguenean, hilak 10, Neskak, dantzara! ikus-entzunezkoa emango dute kultura etxean, 2018an neskek lehen aldiz corpusetan dantza egin zutenekoari buruzkoa. 19:00etan izango da, eta sarrera libre, edukiera bete arte.