Susana Anduaga: "Gasolina guk jartzea baloratu egiten dute herritarrek"

Jone Olabarria 2021ko eka. 4a, 18:08

Hogeita sei urte daramatza Magdalena gasolindegian autoen deposituak betetzen Anduagak. Bezeroekin harremana eta zerbitzu pertsonala azpimarratu nahi izan ditu.

Goizeko bostetan hasi eta gaueko hamarrak arte egoten da zabalik Oñatiko Magdalena gasolindegia. Herritarrei zerbitzu "ahalik eta osoena" eskaintzea dute helburu, eta, horregatik, gasolindegiko langileen ardura da bezeroei gasolina jartzea.

Ez al duzue inoiz pentsatu autozerbitzura pasatzea?

Hogeita sei urte daramagu hemen eta beti jarri dugu guk gasolina. Lehen, ez zen ohikoa norberak botatzea, eta gaur egun, behar-bada ohikoena ez den arren, jendeak baloratu egiten du gasolindegiko langileak jartzea erregaia. Badira batzuk, batez ere gazte jendearen artean, eskatzen dutenak beraiek egitea. Edozelan ere, adinekoendako askoz errazagoa da guk jartzea, erosoagoa.

Diesela ala gasolina? Lanerako zer nahiago?

Gasolina garbiagoa da eta usaina ere ez du horrenbeste uzten eskuetan; diesela beti zikinagoa izan da, eta errazago zipriztintzen du edo usaina utzi eskuetan. Gero, egun osoa usain horrekin egon behar da...

Zein da herritarron ordu preziatuena depositua betetzeko?

Goizean goiz etortzen da jende gehien, askok lanera bidean doazela aprobetxatzen dute. Eguna aurrera doan neurrian, lasaitzen joaten da.

Baduzue beldurrik orain arte mugikortasun eredua agortu eta negozioa pikutara joateko?

Egia esanda, urrun ikusten dugu, eta ez dut askorik pentsatzen horretan. Hala ere, ohiko erre-gaiak desagertuta ere, elektrikoei lekua egin beharko zaie, edo alternatibaren bat bilatu. Gasolindegi klasikoaz gain, beste zerbitzu asko eskaintzen ditugu. Dena itxita dagoen horietan gu zabalik gaude, estualditik ateratzen lagundu diogu bati baino gehiagori...

Aurretik beste kokapen bat zuen gasolindegiak, baina nola sartzen ziren bertan trailerrak?

Ba, hori bera galdetzen diot nik neure buruari. Avenidan genuen lehen gasolindegia, egun Maria de Irizar kalea denean. Orain, atzera begiratuta, askotan pentsatzen dut nola sartzen ziren haraino trailerrak, kamioiak...Herri erditik ibilgailu handi horiek guztiak etengabe.

Zer da lanbide honek duen onena?

Jendearekin hitz egiteko ematen dizun aukera: batzuk joan, beste batzuk etorri. Jende gutxi dabilenean, luze egiten zait.

Internetekin eta teknologia berriekin nola konpontzen zarete?

Hortxe gabiltza. Borroka handia izaten dugu, esaterako, txartel bidez kobratzeko gailuarekin, beti jende gehien dagoenean apurtzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak