Abiatu dira Vigora Aloña Mendiko eskubaloi jokalariak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko eka. 3a, 10:23

Espainiako Eskubaloi txapelketako lehen fasean lehiatuko dira egubakoitzetik domekara Aloña Mendiko kadete mailako neskak; duela 23 urte, hirugarren sailkatu zen Espainiako txapelketan maila bereko nesken taldea, Vigon irabazi ostean. Aurten ere badute aukera; "dena ematera eta asteburuaz disfrutatzera" doaz. Goizean atera dira autobusean Oñatitik.

Vigoko (Galizia) Traviesas udal kiroldegian jokatuko dituzte Espainiako Txapelketako lehen faseko partiduak Cartonajes Arregi-Aloña Mendi taldeko jokalariek: bihar, egubakoitza, Gaztela eta Leongo taldearen kontra, 18:00etan; zapatuan, Ma-drilgoen kontra, ordu berean; eta domekan, galiziarren kontra, 12:30ean. "Azken partidua eta, etxekoen kontra. Horrek esan gura du faboritotzat dituztela oñatiarrak", dio eskubaloian eskarmentu handia duen Iñaki Canterok.

Mikel Agirrek eta Andrea Gartziak zuzentzen duten taldeak ez du emaitza buruan, asteburua ondo aprobetxatzea, dena ematera eta esperientzia disfrutatzea baizik, baina badakite irabazteko moduan daudela. "Egon gara beste taldeen partiduak ikusten, eta, egia esan, ondo egin dezakegula uste dut. Dena ematera aterako gara kantxara", dio Agirrek. Streaming bidez emango dituzte partidu guztiak.

Ikusleak izango dira harmailetan

Gaur, eguena, joan dira Vigora; 09:00etan abiatu dira postetxeko autobus geltokitik. Lauko zortzi talde daude lehen kanporaketa honetan, eta Vigokoan egokitu zaio jokatzea Aloña Mendiri. Elkarren aurka jokatuko dute han lau taldek, eta irabazlea bigarren eta azken faserako sailkatuko da, gainerako taldeetako irabazleak bezala. Duela 23 urte ere egoera berean ziren orduko kadete mailako neskak, Vigon; irabazi egin zuten, eta hirugarren gelditu Espainiako Txapelketan. 2002an ere, kategoria bereko neskek, Murtzian jokatu zuten Espainiako txapelketako lehen fasea. Irabazi egin zuten eta Kanariar Irletan jokatuta, zazpigarren sailkatu ziren. "Asteburuaz disfrutatuko dugu orain, eta gero gerokoak", dio Agirrek.

Ikusleak izango dira harmailetan. Mugatua izango da edukiera baina hala ere kanpoko beiratetik jarraitu ahal izango dituzte  etxekoek.

Taldeko hamabi jokalariak eta Mikel Agirre entrenatzailea Zubikoako kantxa berdean asteleheneko entrenamenduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak