Bezero gutxiagorekin, baina jatetxeak beteta

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko eka. 4a, 09:04

Herritar batzuk, Foruen Enparantzako tabernen terrazetan eserita

Herritarrak corpusak ospatzeko ilusioarekin daudela nabaritu arren, oraindik "alaitasun falta" sumatzen dela pentsatzen duenik ere badago, eta horrek guztiak eragin zuzena dauka herriko ostalaritzan edota bestelako dendatan eta zerbitzutan.

Oñatiarrendako jai bereziak izaten dira corpusak, nahiz eta aurten ere ezin izango dituzten ohiko moduan ospatu.

Familia eta lagun talde askoren ohitura izaten da prozesio ostean tabernatan zerbait hartu, eta gero jatetxeren batean, elkarte gastronomikoren batean edota etxean bertan, guztiak elkarrekin bazkaltzea. Aurten baina, ezin izango dute hori egin. Egun horretarako herriko jatetxetan dauden erreserbek erakusten dute, jendea badagoela eguna ospatzeko gogoz, baina era berean, desberdina ere izango da, ezin izango direlako mahaiaren bueltan lau lagun baino gehiago elkartu. Horrek ere baldintzatu du familiek ur-tetan egun horretarako egin izan dituzten erreserba kopurua gu-txitzea, baina jatetxetan egon daitekeen jende muga ere txikiagoa denez aurten, normalean baino bezero gutxiagorekin, baina taberna asko beteta egongo dira oraingoan.

Gainera, jatetxeak eta tabernak 00:00ak arte zabalik egon ahal izango dira, eta horrek ekarriko du herritarrek jatetxetan afaltzeko aukera handiagoa edukitzea eta baita ordu horretara arte tabernetan egotekoa ere.

Leire Lamariano, Garoa jatetxea

"Badauzkagu erreserbak, baina mahaietan gehienez lau pertsona egon behar direnez, familia handiak ez dira horrenbeste animatu. Ohikoa baino jende gutxiago har dezakegu oraindik; beteta egongo da jatetxea, baina jende gutxirekin. Urtero corpusetarako jarri izan dugun menu berezirik ez dugu izango eta kartatik aukeratu beharko dute bezeroek. Gauerdira arte zabalik edukitzeak afariak emateko abantaila izugarria emango digu, nahiz eta ez diren horrenbeste erreserba egin afaritarako; gehiago izaten da arratsaldean erabaki eta afaltzen gelditzea".

Jone Markuleta, Ongi taberna

"Aurtengo corpusetako asteburua, beste edozein astebururen antzekoa izango dela aurreikusten dugu. Agian jendea parranda gogoz egongo da eta baliteke goizez hastea tabernetara etortzen. Horrek ekarriko luke jendea ohi baino goizago ibiltzea terrazetan lekua hartzeko, baina ez dugu beste urte batzuetakoa espero. Pozik hartu dugu taberna gauerdira arte zabalik izateko aukera, tabernan beti errespetatzen direlako indarrean dauden arauak. Botila festak egiten diren lekuetan agian ez dira segurtasun neurri guztiak betetzen, baina gurean bai".

Jesus Odriozola, Odriozola harategia

"Iaz, corpusetara begira egin genituen salmentak oso txikiak izan ziren, eta aurtengoan ere oso gutxi saldu dugu, pandemia aurretik, egun horretarako saltzen genuenarekin alderatuta. Badugu azpizunaren enkarguren bat, baina lehen jatordu berezia izaten zen egun horretakoa etxe guztietan, eta txuleta edota bildotsa ere oso ondo saltzen genituen; lan askoko astea izaten zen. Aurten ere ematen du familiak ez direla elkartuko etxetan, eta bigarren urtez hori gertatzean, uste dut ohitura galera ere ekarriko duela etorkizunera begira. Alaitasun falta ere sumatzen dut".

Izaskun Olabe, IO ile-apaindegia

"Aste hau berezia izaten ari da eta batez ere bihar, zapatua, igarriko dugu hori. Izan ere, ohiko bezeroez gain, orraztera edota ileari kolorea ematera etorriko direnak ere izango ditugu. Jendeak bazkari bereziak egingo ditu corpusetan eta horietara polit joatea nahi dutela igarri dugu. Batez ere 60 urtetik gorakoak izango dira etorriko direnak, nahiz eta ezkontza txiki bat ere badaukagun. Jendeak ez dio utzi ile-apaindegira etortzeari, norberak bere burua txukun ikusi nahi baitu. Eta bada makillatzeko eskatzen digunik ere; batez ere begiei ematen diegu garrantzia orain".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak