Ekainaren 6an ospatuko da aurten Corpus eguna eta aurten ere ez da prozesiorik egongo, baina joan den urteko egitarauarekin konparatuta, badaude berrikuntzak. Oñatz dantza taldeak ohiko hiru dantza saio egingo ditu aurten ere: ikastetxeetan, meza nagusian eta herriko plazan.
Bete beharreko neurriak betez, egubakoitz goizean herriko ikastetxeetara joango dira Oñatz taldeko dantzariak Corpus dantzak egitera. Domekan, berriz, eguerdiko meza nagusian egingo dute dantza eta arratsaldean, plazan. Aurten, baina, plazan bertan izan beharrean plaza ondoko frontoian izango da ohiko emanaldi hori.
Sarrerak eskuragarri
San Migel parrokian izango den meza nagusirako gonbidapenak Txokolateixan jaso ahal izango dira, joan den urtean moduan; edukiera mugatua izango da eta datozen egunetan jarriko dituzte sarrerak eskuragarri.
Arratsaldean, 18:15ean, Oñatz dantza taldeak egingo duen emanaldirako ere txartelak eskuratu beharko dira, horko edukiera ere mugatua izango baita. Plaza ondoko frontoian izango da emanaldia -Zubikoan eguraldia txarra bada- eta sarrerak datozen ordutan jarriko dituzte eskuragarri Txokolateixan, plazako leihatila digitalean edo totem-ean eta udal webgunean.