Gazteei gonbidapena herrian kontsumitzeko

Jone Olabarria 2021ko mai. 27a, 16:51

Gazteak herriko komertzioetan kontsumitzera gonbidatzen dituen publizitate kanpaina bat jarriko du udalak martxan datozen egunetan, Erosteko orduan, nire lehen aukera, Oñati lelopean. Sare sozialen bidez eta euskarri digitaletan egingo dute kanpaina, ekainean; udazkenean jarraipena izango du.

Kanpainaren helburua herritarrak erosketak herriko saltokietan egitera animatzea da. Eta Oñatiko gazteei zuzenduta dago "bereziki", "azken horiek baitira batez ere erosketak Oñatitik kanpo egiteko joera gehien dutenak". Gaur egin duten prentsaurrekoan azaldu dituzte kanpainaren nondik norakoak.

Oñatiko merkataritza diagnostikoa

2020ko datuek erakutsi dutenez, azken 3 urteetan, herrian erosteko joera kanpoan erostekoa baino gehiago zabaldu da herritarren artean. Oñatin bertan orain dela hiru urte baino gehiago erosten duten herritarrak: %39; kanpoan gehiago erosten dutenak: %22.

Herritarren %95ek inoiz herriko saltoki txikietan erosten dutela adierazi dute. "Produktu mota batzuetan, oso nabarmena da herriko establezimenduek lortutako fidelizazio-maila; janaria, drogeria -edertasun produktuak- botikak, etxerako tresnak – altzariak burdindegiko produktuak".

Internet bidezko erosketak goraka

Prentsaurrekoan zehaztu dutenez, "oso adierazgarria" da arropa eta oinetakoak Oñatitik kanpo ere erosteko ohitura duten herritarren proportzioa: %82. Bestelako produktuak (liburuak, informatika, bitxiak, jostailuak...) erostera herritik ateratzen diren herritarrak ere, erdia baino gehiago dira (%52).

Interneten bidez erosteko joera geroz eta nabarmenagoa da, batez ere erosle gazteen artean. Erosleen erdia baino gehixeago dira (%53,5) inoiz interneten bidez erosten dutenak.

Merkataritza sustatzeko ekintzak

Kanpaina berriaren aurkezpenarekin batera, 2021 urtean zehar merkataritza sustatzeko Oñatiko Udalak garatuko dituen ekintzak ere aurkeztu dituzte. Udazkenean erosketak herrian egitea sustatzeko bonu kanpaina berria aktibatuko dute eta sektorearen lehiakortasuna hobetzeko hainbat programa jarriko dira martxan; ekintzailetza eta negozio aukera berriak garatzea helburu duen Oñatin Elkarrekin Ekin programa eta  Singular Dendak programa.

Hortaz gain, lokal hutsak dinamizatzeko ekimenak martxan jartzea aurreikusten dute eta Txanda Elkartea indartzeko helburua duten ekintzak garatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak