Bihartik aurrera eman ahalko da izena udako kirol kanpainan

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko mai. 18a, 09:01

Guraso bat, eskoletan gaztetxoei banatzeko argitaratu duten eskuorria eskuetan duela.

Aurten, online eman beharko da izena udako kirol kanpainan, aurrez aurreko pilaketak saihesteko. Gaztetxo bakoitzak gehienez hiru jardueratan parte hartu ahal izango du eta kanpo ekintzak sustatu nahi izan dituzte, batez ere.

Guztira, 22 jarduera izango dituzte aukeran neska-mutikoek aurtengo udan kirola egiteko. Beste urte batzuetan bezala, tenisa, badmintona, pilota, patinajea eta ur jolasak izango dituzte, besteak beste. Baina berrikuntza batzuk ere izango dira; adibidez, estreinakoz, DBHko gaztetxoek crossfit-a egiteko aukera izango dute. Bertan, intentsitate handian egindako indar ariketak eta egokitzapen fisikoko ariketak egingo dituzte, muskuluen indarra eta tonua garatzeko. Gainera, kanpo ekintzak ere indartu nahi izan dituzte; horretarako, esaterako, mendiko bizikletan ibiltzeko aukera eskaintzen duen jarduera ere jarri dute, baita baso eskola ere.

Izen-ematea eta zozketa

Bi txanda egongo dira: ekainaren 28tik uztailaren 9ra bitartekoa izango da lehena eta uztailaren 12tik 23ra bigarrena.

Horietan izena emateko epea eguaztenean, hilak 19, hasiko da, eta hilaren 24an amaituko da. Izen-emate sistema aldatu egin dute, gainera, aurten; aurrez aurreko jende pilaketak saihesteko asmoz, online eman behar da izena, helbide honetan: zubikoakiroldegia.oñati.eus. Horretarako, ezinbestekoa da webgune horretan erregistratuta egotea, abonatu gisa edo ez-abonatu bezala. Bi kasu horietan, udako kanpainako informazioa eskuratzeko gako batzuk lortzen dira. Adin bakoitzerako dagoen eskaintzara bakarrik sartu ahal izango da; beraz, garrantzitsua da inskribatu beharreko haurren jaioteguna behar bezala sartuta edukitzea kiroldegiko datu-basean. Gainera, harremanetan egon ahal izateko, garrantzitsua izango da telefonoa eta helbide elektronikoa ere eguneratuta izatea norberaren datuetan.

Haur bakoitzak gehienez hiru jardueratan eman ahalko du izena. Hilaren 27an argitaratuko dituzte jarduera-taldeen araberako zerrendak, eta ekainaren 1etik 4ra bitartean, gainerako plaza libreak betetzeko itxarotezerrendan geratu direnei hitzordu berriak emango dizkiete.

Jarraitu beharreko protokoloa

Osasun erakundeek emandako gomendioetan oinarritutako protokoloa jarraitu beharko dute aurten parte-hartzaileek. Horien artean daude, esaterako, derrigorrezkoa izango dela maskara erabiltzea, nork bere ur botila eraman beharko duela eta ahalik eta material gutxien erabiliko dituztela jarduerak egiteko, eta horiek erabili aurretik eta ondoren desinfektatu egingo dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak