17 urte zituela hasi zen gitarra jotzen Iban Yaniz; harrezkero, apenas dago gitarra eskuetan hartzen ez duen egunik. Komunikazio eta diseinu arloa du ogibide, baina luthier lanetan ere ibilitakoa da eta berak sortutako gitarra asko saldu ditu atzerrian.
Etxeko estudioa muntatu zuen orain dela 25 urte, eta hamaika melodia konposatu eta grabatu ditu han; horietako batzuk kantu bihurtu, eta Itzaletik argira bilduma kaleratu du orain.
Erronka pertsonala
Diskoa eskuetan, pozik dago, helburua beteta. "Barruan nuen arantza kendu dut. Orain dela hiru urte hasi nintzen ideiarekin bueltaka; Oñatiko musikari Iker Martinezek Itzalen mundua bakarkako lana argitaratu zuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Oso ausarta iruditu zitzaidan, eta nire bildumatxoa sortzera animatu ninduen".
Hamar kantu lasai dira, americana rocka, indie eta folk alternatibo estiloetakoak; gitarra akustikoaren, gitarra elektrikoaren, baxuaren, dobroaren, man-dolinaren eta pianoaren doinuekin osatutakoak. Instrumentuekin abila da, eta hitzak sortzea izan da erronka zailagoa. "Kantu pertsonalak dira, nahiz eta metaforen bidez ezkutatuta geratzen den batzuetan mezua. Bizipenak eta sentimenduak jasotzen dituzte oinarrian. Nireak dira guztiak, baina badago Joseba Sarrionandiaren poema baten oinarritutako Maite ditut".
Dena etxean eginda
Aholkuak eta iritziak jasotzeko alboan izan ditu lagunak, baina berak egin du prozesu guztia, diskoaren azala eta liburuxka, eta baita Samina kantuaren bideoklipa ere. "Ez da diskoaren singlea, esango nuke ez dagoela bereziki nabarmentzen den kanturik. Bideoa egiteko aproposa iruditu zitzaidan, eta hori ere etxeko estudioan egin nuen".
Zuzenekoetarako "presarik ez"
Lagunekin hainbat kontzertu egin izan ditu, baina, oraingoz, ez du bere kantuak jendaurrean jotzeko presa handirik. "Aukerarik sortuz gero, nola eta norekin egin bilatu beharko nuke, baina, pausoz pauso, oraingoz, diskoaz gozatuko dut".