Bihar da Aimar Uribesalgok egindako dokumentalaren lehen emanaldia

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko mai. 11a, 11:45

Aimar Uribesalgo oñatiarra (Argazkia: A.U.).

Turismoa da Uribesalgoren 'Peregrino modernoaren oporrak' ikus-entzunezkoaren gaia; turismoari egindako kritika, bereziki. Hilaren 12an, bihar, gaztetxean eskainiko dute eta 18an eta 19an, zinema aretoan. 19:00etan izango dira emanaldi guztiak.

Zergatik turismoari kritika?

Turismoari ez ezik, kapitalismoari, merkatu sistemari edo estatu sozialista moduan ezagutzen ditugun erregimenei ere egiten zaie kritika.

Ze turismo mota kritikatzen da?

Dena, ez soilik hotel garestietan egiten dena. Baita euren burua bidaiari moduan aurkezten dutenena ere. Orokorra da kritika. Ez da lan pedagogiko bat, teoria sakona du, abstraktua da; hausnarketarako material edo mezu asko ditu.

Nondik abiatu zara hau egiteko?

Asiara egindako neure opor bidaia batetik. Hango irudiak hartzen hasi nintzen, eta turismoari erreparatu nion gero. Nonbait irakurri nuen turismoa munduko industria handienetakoa zela, eta inprobisatu eta gai horren bueltan hasi nintzen lanean.

Nola osatu duzu lana?

Irudi gehienak duela bost urte egindako bidaia hartakoak dira, baina badira gehiago ere. 70 minutu irauten du, eta, Quentin Tarantino zuzendariaren film batzuk bezala, hau ere kapitulutan banatuta dago. Gidoia eta muntaia, esaterako, neuk egin ditut. Ahotsa bidaia hura nirekin egin zuen neskarena da eta animazioak anaiak egin ditu. Kapituluetan musika eta bertsoak ere badaude sartuta, eta horietan ere izan dut lagunen laguntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak