Miren Urkiola Serrano kazetaria hasieratik dago Oñati Irratian eta bera da bertako ahots nagusia. Aratz Losada eta herritarrak ditu ondoan, kolaborazioak egiten dituztenak batzuk eta entzule eta jarraitzaileak beste asko.
1991ko maiatzaren 11n hasi zuen emisioa. Egun hartan hamar urte bete ziren abeslari jamaikarra hil zela, eta haren One love kantua izan zen uhin bidez emititu zuten lehena. Kultura etxeko ganbaran hasita, orduko teknologiarekin, bobina handi batzuk eta zintak tartean, Olakua auzoko dorrean du egoitza azken urte hauetan, dorreko azken pisuan. Baliabide teknologikoak ere beste batzuk dira egun. FM 107.4an emititzen dute baina saretik ere, udal webgunean sartuta, entzun daiteke Oñati Irratia.