Ezohiko eran bada ere, giro onean ospatu dituzte San Miel Txiki jaiak

Jone Olabarria 2021ko mai. 9a, 15:41

San Miel Txiki jaiak ospatzen aritu dira asteburu osoan zehar Oñatiko Kale Zaharrean. Jai batzordetik aitortu dute "unean uneko segurtasun neurriak betez" antolatu dituztela aurtengo jaiak, eta orain artekoa behintzat, "oso ondo" joan dela azaldu dute.

Bigarren urtez jarraian, ezohiko egoera antolatu behar izan dituzte San Miel Txiki jaiak Oñatin. Iazkoan online eta streaming bidezko ekitaldiak izan ziren protagonista, baina aurtengoan, aurrezko aurreko ekintzen aldeko apustua egin nahi izan dute. "Dena ondo antolatzea bastante konplikatua izan da. Iaz, batez ere, online formatuan egin genuen, streaming bidez, baina aurten edukierak mugatuta, momentuko egoeran dauden neurriak jarraituta antolatu dugu", azaldu du jai batzordeko kide den Edurne Urteagak.

Eguraldia lagun, giro onean zapatuan

Goizetik hasita, haurrentzako jolas eta tailerrak, bertsoak edota Potx magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten atzokoan Oñatiko herritarrek. "Urtero jaietan gurekin kolaboratzen duten eragileei ere gonbidapena luzatu diegu, presente egotea nahi genuen, nahiz eta modu berezian antolatutako jaiak izan".

Artisauen azoka eta kontzertuak

Domekan goizean eguraldiak gehiegi lagundu ez duen arren herritar ugari gerturatu da herriko artisauen azokara. Eguerdian auzoko emakumeen brindisa egin, eta gaur arratsaldean oraindik ere egongo da kontzertuez gozatzeko aukera: Irene eta Asier, eta Andoni Ollokiegi izango dira taula gainean.

Balorazio orokorra eskatuta orain artekoa "oso ondo" joan dela azaldu du Urteagak: "San Miel Txikitan beti euria izaten dugu, hori tradizioa da, baina hortaz gain orain artekoa esan daiteke oso ondo joan dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak