Kirola edo aktibitate fisikoa egin daitekeen herriko zazpi gune jasotzen dituen mapa interaktiboa egin du Oñati Institutuko DBHko 4. mailako ikasle talde batek. Berez toki pasiboak diren eremuak gune aktibo bihurtu dituzte eta irudietan ikusi ahal izango da zer-nolako ariketak egin daitezkeen gune bakoitzean, kirol egokitua barne. Horretaz gain, baina, toki horren inguruko informazioa ere batu dute, bai landaretza aldetik, adibidez, naturari lotutako informazioa, eta baita informazio kulturala ere. Eta kantu bat ere egin dute, eurek konposatuta eta letra jarrita, aplikazio hori osatzeko. Hiru hizkuntzatan egin dute.
QR kodea irakurrita jaisten da
Android mugikorretan eta tabletetan jaitsi daiteke Oñati replay dance app izena duen aplikazioa, QR kode bat irakurrita. Eta horrekin lehiatuko dira bihar, zapatua, Arrasaten egingo den First Lego League lehiaketan, beste hainbat ikastetxetako ikasleekin batera. Proiektua aurkeztuko dute lehenengo, eta robota gero. Izan ere, azken proba izango da antolatzaileek jarritako proba batzuk gainditzea denbora jakin baten barruan, eta hori egin ahal izateko robota ere egin dute.
Ikasturte hasieratik landu dute gaia DBHko 4. mailako ikasleek. Denen artean egindako proiektua da, talde lanean, baina biharko lehiaketara euretako hamar ikasle joango dira, denen ordezkari. Aurtengo txapelketan ez da kanpoko ikuslerik egongo, burbuila-talde moduan lan egingo du ikastetxe bakoitzetik joango den ikasle taldeak eta bakoitzak gela baten egingo ditu aurkezpenak eta proba.