Kolonbiako zerga erreformaren kontrako ekitaldia, Oñatin

Mireia Bikuña 2021ko mai. 6a, 21:06

'Herriak bakarrik salba dezake herria' leloarekin Oñatin bizi diren hainbat kolonbiar elkartu dira Foruen plazan, eta hainbat oñatiarren babesa izan dute. Ivan Duque presidenteak ezarritako etxeratze agindua  eta Gobernuak herriarekiko izan duen erasoa salatu dituzte.

Apirilaren 28an milaka pertsona irten ziren kalera, Kolonbian, Ivan Duque presidentearen zerga erreformaren kontra egiteko. Gobernuak, erantzun gisa, etxeratze agindua ezarri zuen, eta manifestariak gelditzeko asmoz, indar militarrak atera zituen kalera. Bi aldeen arteko gatazka odoltzen joan da. "21 hildako baino gehiago, lau emakume bortxatuta, hamabi ikaslek begi bana galduta eta 940 bat pertsona zaurituta. Horiak dira gatazka utzitako datuetako batzuk", esan dute agerraldian.

Era berean, gaineratu dute, apirilaren 30eko manifestazioan parte hartzen ziharduen emakume bat, ekitalditik atera, eta hamar polizien artean jipoitu eta bortxatu egin zutela salatu dute.

Egoera horren aurrean, "nahikoa da" esateko irten dira kalera. "Euskal Herritik amorrua eta mina sentitzen dugu. Inpotentzia ere bai. Hemendik egin dezakegun gauza bakarra informazioa zabaltzea da. Baina, hemen gaude, gure elkartasuna adierazten. Kolonbiarrak elkartuz. Gustura bizi gara hemen, baina gure bihotzaren erdia, Kolonian dago", esan dute.

Zertan oinarritzen da Duqueren zerga erreforma?

Erreforma horren helburua Estatuaren diru-sarrerak handitzea da. Horretarako, zergak igo gura ditu Duque presidenteak. Besteak beste, lehen mailako produktuen, zerbitzu publikoen eta hileta-zerbitzuen zergak. "Aberatsei elkartasun zerga ipini die. Baina, oinarrizko errentaren zain daudenei ez zaie inoiz iristen. Kolonbiako langabezia tasa %16 da eta pobrezia monetarioa %42,5", azpimarratu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak