Maiatzaren 17an zabaldu gura dute gimnasioa

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko mai. 6a, 15:10

Lehengo makinez gain, berriak ere egongo dira Zubikoako gimnasioan. (Argazkia: Oñatiko Udala)

Gimnasioarekin batera rokodromoa eta boulderra ere aste horretan zabalduko dituzte, 17an, ahal dela, eta Zubikoako ordutegia aldatu egingo da. Eltziako gimnasioa eguaztenean itxiko dute eta makinak gimnasio berrira eramango dituzte.

Maiatzaren 17an zabaldu gura dituzte Zubikoa eraberrituaren gimnasioa, rokodromoa eta boulderra, eta horretan ari dira lanean. Zerbitzu horiek zabalduta, fitness gelak, sarrera eta squash gela irekiko dituzte jarraian datozen asteetan. Horrela, kiroldegiko zerbitzu guztiak egongo dira laster erabilgarri, sauna salbu; bukatuta dago, baina pandemiagatik ezin da erabili.

Aurrez hartu behar da txanda

Eguaztenean, maiatzak 12, itxiko dute Eltziako gimnasioa, eta kirol aparailuak eta bestelako elementuak lekuz aldatuko dituzte hurrengo egunetan Zubikoara, maiatzaren 17tik aurrera, ahal dela, gimnasio berria erabilgarri egon dadin. Lehengoez gain, aparailu berriak ere egongo dira.

Hiru zerbitzu horiek erabiltzeko, baina, txanda hartu behar da aurretik; erreserba egitea nahitaezkoa izango da. Eta pertsona bakoitzak erreserba bat egin dezake eguneko. Gimnasioa erabili ondoren, beste erreserba bat egiteko aukera izango du, baina hiru eguneko epearekin egin ahal izango du, ezingo da bi egun jarraian gimnasioa erabili. Txandak ordu eta erdikoak izango dira. Abonatuek izango dute aukera erreserbak egiteko eta abonatuta ez daudenek eguneko sarrerak izango dituzte salgai, tokirik balego. Erreserba telefono bidez egingo da hasierako egunetan, baina, epe laburrean, online egiteko aukera ere martxan egongo da. Sartzeko, kirol txartela beharko da.

Igerilekuaz gain, gimnasioa, rokodromoa eta boulderra ere zabalik eta erabilgarri egongo dira laster, eta, horrekin batera, ordutegi berria izango du Zubikoa kiroldegiak. Maiatzaren 17tik aurrera, 07:30etik 21:00era egongo da zabalik astelehenetik egubakoitzera; 09:00etatik 13:30era eta 15:00eta-tik 19:30era zapatuetan; eta 09:00etatik 13:00etara domeketan eta jaiegunetan.

Aldagelak itxita egoera gorrian

Osasun agintariek hartzen dituzten neurrien arabera egokituko dira erabilera-baldintzak; edukierari lotutakoa, adibidez. Gimnasioan 30 lagun egongo dira batera, gehienez; rokodromoan sei eta boulderrean zortzi. Horrez gain, derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea eta erabiltzaileen arteko segur-tasun distantzia gordetzea. Instalazioak etengabe aireztatuko dituzte eta erabilgarri daudela adierazten duten armairuak erabiliko dira. Aldagelak, bestalde, itxita egongo dira Oñati eremu gorrian dagoen bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak