Igerileku berrian guztia prest biharko txapelketarako

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko mai. 7a, 09:01
Aloña Mendiko igerilariak, eguazten goizeko entrenamenduan.

Guztira, sei taldetako 110 igerilari inguruk hartuko dute parte bihar, zapatua, lehiaketan estreinatuko den igerilekuan; segurtasun neurri zorrotzak beteko dituzte eta espero dute beste txapelketa askoren lehenengoa izatea bihar jokatuko dena.

Iritsi da eguna; bihar, zapatua, egingo dute lehenengo txapelketa igerileku berrian. Guztia gertu dago: bederatzi kaleko igerilekua, protokolo guztiak eginda, Aloña Mendiko igerilari ohiak eta juntakoak boluntario izateko prest... Baina, zoritxarrez, pandemiaren eragina ere sumatuko da txapelketan. Izan ere, bertan parte hartu behar zuten Oñatiko igerilarien erdiak konfinatuta daude. Eta ondorioz, Aloña Mendiko hamabi igerilarik bakarrik parte hartu ahal izango dute. "Deseatzen geunden guztiok herriko igerilekua txapelketan estreinatzeko, baina igerilari batzuen bajarekin egin beharko dugu", azaldu du Josune Odriozola entrenatzaileak. Aurretik izan dituzten txapelketetan bajaren bat izan dutela gaineratu du Odriozolak, baina inoiz ez horrenbeste batera. Dena den, dutenarekin egingo dute aurrera, taldearen emaitza onena lortzeko helburuarekin.

110 igerilari inguru

Zazpi taldetako igerilariak ziren etortzekoak Oñatiko txapelketara, baina Legazpiko igerilari dezente ere konfinatuta daudenez, eta haiek ez dira etorriko. Gainontzean, oñatiarrekin batera parte hartuko dute beste hauek: Bergarakoek, Azpeitiko Izarraitz taldekoek, Eibarkoek, Azkoitiko Zubiaurrekoek eta Donostiako Fortunakoek. Azken orduko bajarik ez badago, 110 igerilari inguru izango dira.

Pandemiagatik, neguko ligan ez dira erreleboen probak egiten ari, baina beste proba hauek egingo dituzte: estilo librean 50 eta 1.500 metro arteko probak; atzerakoan, brazan eta tximeletan 50 eta 200 metro artekoak; eta estiloetan ere lehiatuko dira, 100 eta 400 metroko probetan. Igerilari bakoitzak hirutan parte hartu ahal izango du.

Protokolo guztiak betez

Arratsaldean igerilekua itxita egongo da bazkideendako, eta protokoloa ondo zehaztuta dutela adierazi du Odriozolak. Gaur egun erabiltzen den sarreratik sartuko dira igerilariak, bi txandatan, talde batetik bestera bost minutuko tartea utzita. Tenperatura hartuko zaie eta Gipuzkoako Federazioak emandako galdetegi bat bete beharko dute igerilariek. Aldagelak ez dituzte erabilgarri izango, eta igerileku kanpoan talde bakoitzak bere lekua izango du; harmailak ere igerilariek erabiliko dituzte eta ez da publikorik egongo. Bost kale beharrean bederatzi dituenez igerileku berriak, txapelketa bera aurretik Oñatin egiten zirenak baino motzagoa izango dela aurreikusi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak