Lehen film labur profesionala grabatu du Itsaso Pol oñatiarrak

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko api. 30a, 09:59

Jon Guridi aktore gaztetxoa, grabazioan, klaketarekin. Argazkia: Asier Egaña.

Duela hamar urte, zinema ikasketak egitera joan zen Madrilera Itsaso Pol oñatiarra, eta Aste Santuan, herrian izan da bere lehen film labur profesionala izango dena grabatzen. Lau egunetan egin dituzte grabazioak, herrian eta Arrasaten, eta Madrilgo zein bertako profesionalak izan ditu lagun. Orain, lanaren muntaiarekin dabil.

Madrilgo Septima Ars eskolan ikasi, eta hainbat ikus-entzunezko lan egin izan ditu ordutik, Itsaso Pol oñatiarrak. Baina bere lehen proiektu profesionala izango dena dauka orain esku artean: film labur bat grabatzen izan da Aste Santuan, Oñatin. "Konfinamenduan, aurretik idatzita neukan ideia bati bueltaka aritu nintzen; gustatu, eta film labur bat egiteko gidoia idatzi nuen", azaldu du Polek.

Lantalde profesionala

Gidoilari izateaz gain, Aita izenburua daraman film laburreko zuzendaria ere bada oñatiarra. Eta ondoan izan ditu Madrilgo eskolan berarekin batera ikasi zuten profesional batzuk, eta baita beste hainbat herrikide ere. Protagonista, esaterako, bere ahizpa Amaia izan da; Jon Guridi oñatiar gazteak ere hartu du parte, ikastetxeetan deialdia egin eta casting bat pasa ostean; Arrate Kortabarria, Paula Polo, Ana Arregi eta Ana Bodes ere aktore lanetan ibili dira; ekoizle laguntzailea Nerea Alonso izan da; argazki zuzendaria, Kepa Aranburu; arte zuzendaria, Lezuri Ormazabal; arte laguntzailea, Irene Balzategi; makillajea Ane Picoren esku egon da; soinu teknikaria, Imanol Astudillo izan da; mikrofonolaria, Mikel Letamendi; efektu berezietan, Ander Ugarte, Angel Lera, Iñigo Palacios eta Andoni Galdos izan dira; eta making-of-a Uxue Guridiren ardura izan da. Horiez gain, oihartzun handiko bi aktorek ere parte hartu dute: Amama pelikulan parte hartu zuen eta 2015ean Goya sarietarako hautagai izan zen Iraia Eliasek; eta Handia-n eta Alardea telesailean parte hartutako Iñigo Aranburuk.

Itsaso Pol gidoilari eta zuzendaria, film laburraren grabazioan. Argazkia: Asier Egaña.

Esperientzia "aberasgarria"

Grabazioetan lau egun egin zituzten, sekuentzia gehienak Otadui zuhaiztiko etxe batean egin zituzten, eta beste zatitxo bat Arrasaten ere grabatu zuten. "Grabazioa esperientzia polita eta aberasgarria izan da, pozik egon dira bai kanpotik etorritakoak eta baita bertakoak ere. Orain, muntaiarekin gabiltza". Polen asmoa da abuztu alderako bukatzea drama generoko film laburra, eta ondoren, hainbat jaialditan aurkezteko gogoa dauka: "Lehenik eta behin, Euskal Herri mailako hainbat jaialditara eraman nahiko nuke lana, eta gero, baita Espainia mailako beste batzuetara ere". Gustura dago, momentuz, egindakoarekin, eta bere proiektu profesional horrek oihartzuna izan dezan lan egingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak