Maiatzaren 8an egingo da lehen txapelketa igerileku berrian

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko api. 30a, 11:27

Eguen goizean, igerilariak entrenatzen.

Aurten Aloña Mendik ez du Txantxiku Saria antolatuko, baina laster estreinatuko dute ur putzu berria lehiaketan. Gainera, igerilariak hasi dira 06:00etako entrenamenduekin; gaur egun, 33 gaztetxo joaten dira goizean entrenatzera.

Igeriketako txapelketek ez dute pandemiaren eragin handirik jasan. "Federaziotik asko borrokatu gara, batez ere, Diputazioari baimenak eskatzeko orduan, baina, orokorrean, Gipuzkoan, Euskadin eta Espainia mailan igeriketa txapelketak martxan daude eta gu ere bagabiltza horietan", azaldu du Aloña Mendiko igeriketako entrenatzaile Josune Odriozolak, nahiz eta gaineratu duen egia dela kategoria txikienek ez dutela lehiaketarik denboraldi honetan.

Aurten, herrian hain kuttuna den Txantxiku Saria ezin izango da egin, jende pilaketak saihestu nahi direlako, baina lehen txapelketa maiatzaren 8an egingo dute, eta igerileku berria estreinatu ahal izango dute lehiaketara bertaratuko diren zazpi klubetako igerilariek. Tartean egongo dira, noski, bailarako, Oñatiko eta Bergarako igerilariak. Infantiletatik absolutuetara bitarteko kategoria guztiek hartu ahal izango dute parte eta 15:30ean hasiko da. Odriozolak gaineratu du protokolo berezi batzuk landu behar izan dituztela, baina pozik dago laster estreinatuko ahal izango delako bederatzi kaletako igerilekua txapelketa batean.

Duela bi aste hasi ziren, gainera, 06:00etan entrenatzen, eta Odriozolak esan du dagoeneko hasi ahal izan direla "fundamentuz eta entrenamendu plangintza onarekin" entrenatzen. Guztira, 33 neska-mutiko entrenatzen dira astelehenetik egubakoitzera, ordu eta erdiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak