Jabi Goitia eta Maddi Marquet izan dira azkarrenak Oñatiko duatloian

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko api. 24a, 22:40

"Zirkuitu gogorra" eta "bero handia" bizi arren, pozik egin dute Oñatiko duatloia arratsaldean parte-hartzaileek eta zoriondu egin dituzte antolatzaileak. Erlojuaren kontra aritu dira, banan-banan aterata, eta lasterketa zehar erreferentzia barik ibili arren, lehia egon da helmugan, dena emanda sartu dira podiumena igo direnak, lurrean bukatzeraino.

16:00etan atera da lehen parte-hartzailea Oñatiko plazatik Atzeko Kaletik gora. Baina ordu pare bat lehenago hasi dira ingurura inguratzen kirolariak, ilaran jarri eta tenperatura hartu, izenak eman eta txipak hartzen. Hori egindakoan, bizikletak utzi dituzte boxetan.

Mutiletan: Jabi Goitia (erdian), Beñat Arnaiz (urdinez) eta Urko Herran.

Kirol egokituan lehiatu diren hiru paratriatletak izan dira irteten lehenak, Joseba Azkarate tartean. Eta emakumezkoak izan dira gero. Denak banan atera dira eta askok lasterketa amaituta izan arren, beste hainbat oraindik hasi gabe zeuden oraindik.  Zirkuitua "gogorra" izan dela adierazi dute askok, Santipillau aldera eta Asentzio aldera igo dituzten bi aldapak, batez ere. Berotu ere egin du eta ibilbidearen zati baten haizea ere kontra izan dute. Hala ere, "gustura" eta "pozik" agertu dira kirolariak probaren amaieran. Askok aitortu dute orain arte egindako entrenamenduak neurtzeko "azterketa" ere izan dela, egindako lana zenbateraino ona izan den ikusteko.

Nesketan: Maddi Marquet (erdian), Diana Vecillas eta Arrate Mintegi (berdez).

Erlojupekoaren formatua ere gustukoa izan dutela aitortu dute askok, nahiz eta lasterketa osoan erreferentziarik izan ez aurretik edo atzetik ari diren; guztien denborak jakin arte ezin jakin nork egin duen denbora onena. Baina erlojuari begira joan dira asko eta ikustera joan diren zaleek ere "kantatu" dizkiete besteen denborak edo sentsazioak. Horixe gertatu zaio, adibidez, gizonezkoen kategoriako irabazleari, Jabi Goitia gernikarrari: "Beñat Arnaizek nik baino ordubete edo lehenago egin du lasterketa eta banekien ondo ibili dala. Urko Herran nuen buruan atera naizenean eta gogor jo dut, estrategia erabili, burua erabili, eta dena eman dut". Helmuga zeharkatu eta lurrean amaitu du Goitiak, lasterketa irabazteko egindako esfortzuagatik. Maddi Marquet ere izena emanda zuten beste emakumeen izenak zerrendan irakurrita etorri da Oñatiko duatloira, lehiakideak zeintzuk zituen aztertuta: "Baina azkenean erabaki dut nik nire lasterketa egitea, ez nekien eta besteak baino hobeto edo okerrago nenbilen, eta topera egin dut. Asko disfrutatu dut".

Amaieran, probaren balorazio positiboa egin du Euskadiko Triatloi Federazioko presidente Iban Perez oñatiarrak ere: "Lan handia egin dute Aloña Mendiko triatloi taldekoak. Egoerara moldatu behar izan da proba. Aurretik ere bagenituen adibide batzuk ikusita, beste toki batzuetan egindako lasterketei begira egon gara eta ikusi da egin daitekeela. Agian beste proba batzuk ere antolatzeko bide izan ahal da Oñatiko duatloi hau. Dana dala, eskerrak eman nahi dizkiot bai Aloña Mendiri baina baita Udalari eta herritar denei ere. Adibidez, plaza ondoko frontoiko gunea umeendako jolasgunea izaten da eta ordu askoz guk erabili dugu gaur. Benetan, eskerrak oñatiar denoi". Orain atseden hartuko duten arren, udazkenean, agian, beste zerbait egongo dela aurreratu du Perezek.

Erlazionatuak

Oñatiko duatloiko argazkiak

Oihana Elorza Gorostiza 2021 api 24 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak