Maiatz erdialdean ireki gura dute Zubikoa berria

Maialen Santos 2021ko api. 23a, 20:06

(Argazkia: Oñatiko Udala)

2019ko abenduaz geroztik kiroldegia eraberritzeko lanetan ari dira. Prest dago beheko solairuko harrera-gunea eta amaitzear gimnasioa eta igerilekuko terraza-gunea. Bestetik, igerilekuak zabalik daramatzan bi hilabeteetan "harrera ona" izan du.

Zubikoa berriko obrak ari dira pixkanaka amaierara heltzen. 21 hilabetez itxita egon ostean, kiroldegi eraberritua maiatz erdialdean irekitzea "aurreikusten" dutela adierazi du Udalak. Bien bitartean, lanak amaitzen eta azkeneko ukituak ematen dihardute.

Harrera-gunea, amaituta

Xabier Igartua Udaleko Sozioekonomia zinegotziak azaldu du beheko solairuan kokatuta egongo diren harrera eta administrazio gelak amaituta daudela dagoeneko. "Harrerako ate printzipala amaitzen ari dira orain", zehaztu du. Hori horrela, Zubikoako administrazioko langileak kiroldegia bera ireki aurretik bulego berrietan lanean hasteko moduan egongo dira. Kanpoko urbanizazioa amaitzearekin batera irekiko dute harrera, bestetik. Eta hortik gertu egokitu duten itxaroteko gune zabala, hall-a, gertu dute jada.

Solairu berean ari dira muntatzen gimnasioa eta baita bertako erabiltzaileendako aldagelak ere. "Zoru berezi bat jartzen ari dira asteon. Gainontzean, paretak, argiteria… amaituta daude. Aldageletan ere dena prest dago, eta garbiketa lanak egiten ari dira", aitortu du.

Rokodromoa, gimnasiotik at

Zubikoa zaharrean ez bezala, rokodromoa gimnasiotik kanpo izango du berriak, "eraikin zaharrean bi squash gelak zeuden toki berean, hain zuzen ere". Igartuak azaldu duenez, boulderra ere amaituta dago, eta horren ondoan jarri dute squasha: "Neurri ofizialetara ekarri gura izan dugu, eta paretak eta gainontzekoak prestatzen ari gara oraindik". Azkenik, gimnasioaren ondoan egokituko dituzten hiru fitness gelak amaitzeke daude oraindik.

Zinegotziak adierazi du Zubikoa kanpoaldeko urbanizazioarekin hasita daudela: "Fatxadan isolamendua sartu dute, eta hormigoi polimeroarekin babestuko dituzte paretak. Aste honetan hasi dira lan hori egiten".

Azken ukituak terraza-guneari

"Igerilekuko terraza-gunea eta solariuma amaituta daude ia, eta falta da eraikinaren albo bat babestea", zehaztu du. Tenperatura mantentzeko babesa ere bota diete paretei, eta azken ukituak ematen ari dira. Belardian, bestetik, haziak erein dituzte, belarra irten dadin.

Hain zuzen, igerilekuaren maila berean egongo dira belardia eta egoteko lekua. Baina hor bakarrik ez: atikoan ere egokituko dituzte terraza eta eguzkia hartzeko gunea; solariuma, alegia. Azken horretara igerileku txikitik eskailerak igota iritsi ahal izango da.

Igerilekuetako aldagelak zeharkatuta iritsi ahal izango da saunara, baina kiroldegia ireki berritan erabiltzaileek ezingo dute zerbitzu horretaz gozatu, COVID-19aren eraginez.

Kantxa berdeak ere hainbat aldaketa izan ditu azken hilabeteetan; besteak beste, lurra eta argiteria aldatu egin dituzte. Pilotalekuan ere hainbat konponketa egin dituzte, eta lanak amaitzear daude. Aipatzekoa da larrialdi irteera bat jarri dutela, eta, horrenbestez, harmailetako edukiera handiagoa izango da.

Igerilekuek, "harrera ona"

Otsail hasieran ireki zituzten igerileku berriak, eta "harrera ona" izan dutela adierazi du Xabier Igartuak: "Ikusten genuen kiroldegi osoa bukatzera arte luzatu egingo zela prozesua, eta pozik gaude, lortu genuelako urtebeteren ostean igeriketa zerbitzua berreskuratzea eta martxan jartzea". Are gehiago, azaldu du ireki zirenetik egunerokoan ia txanda guztiak betetzen dituztela igeri egitera joaten diren erabiltzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak