Duatloi proba dela-eta, herritarrei zuhurtziaz aritzeko dei egin die Udalak

Hasier Larrea 2021ko api. 23a, 13:13

Egindako azken proban, 2019an, partaideak helmugara bidean.

Zapatu arratsaldean lehiatuko dira 360 lasterkari Foruen plazan hasi eta bukatuko den zirkuituan; parte hartzaileek 20 kilometro egingo dituzte bizikletan eta 7,5 kilometro korrika; aurtengo proba erlojupekoa izango da, "segurtasunagatik".

Oñatiko duatloiaren 28. edizioa "ikuskizun kutsurik gabekoa" izateko deia zabaldu du Oñatiko Udalak: "Herrian bizi dugun egungo egoerak hala behartuta". Izaro Elorza alkateak "soilik kirolariei" begirako ekimen bezala definitu du bihar arratsaldeko proba, eta herritarrei ibil-bidean zehar "sakabanatuta" eta "zaintza lanetan egongo direnen aholkuei kasu eginez" egotea gomendatu die. Zaleak plazara gerturatzea "alferrik" izango dela gogoratu du, irteera eta helmuga guneak "guztiz hesituta" egongo baitira. Alternatiba moduan, zaleek streaming bidez jarraitu ahalko dute lasterketa, Oñatiko Duatloiaren webgunetik.

Ezohiko osagaiak

Euskadiko Triatloi Federazioaren proba puntuagarria Aloña Mendiko triatloi taldeak antolatu du aurten ere, eta, halabeharrez, orain arteko "bereziena" izango da. Publikoaren presentzia faltaz gain, alde batetik, urteko lehena izango delako partaideentzat, aurretik programatuta zeudenak atzeratzearen ondorioz; eta bestetik, 25 segundoan behin eta banan-banan aterako direlako, erlojua izanik norberaren epaile. Lehiakideen segurtasuna karrera aurretik eta ostean ere egongo da bermatuta, eurentzat egokitutako frontoiko gunea ere itxita egongo baita.

Gainera, bizikletaz egiteko ibilbidea ere aldatu dute aurten; Elorregirako joan-etorriaren ostean, Etxeaundi igarotakoan, Lamiategiko bidegurutzetik Arregiko aldapa igo beharrean, aurrez Santipilau igoko dute, eta handik kanposantura joko dute. Gainontzean, betiko ibilbidea izango dute. Hortaz, kirolariek 5 kilometro egingo dituzte korrika, lehenbizi, erdiguneko zirkuituan; gero, 20 kilometro bizikletan; eta, azkenik, 2,5 kilometro korrika. 16:00etan hasi eta 19:30 aldera bukatuko da, eta 20:00etan ba-natuko dituzte sariak.

"Gogoa", denen ahotan

Kadete mailatik aurrerako 360 atleta federatuk hartuko dute parte. Horietatik, 60 izango dira emakumeak, eta duatloi egokitua egiteko aukera ere eskainiko dute antolatzaileek. Egunean zehar 100 boluntario arituko dira lanean, 80 herritar eta Aloña Mendiko hogei kide inguru. "Guztia ondo irteteko gogotsu gaude denok, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu horretarako", adierazi du Andoni Correasek, kirol klubaren ize-nean. Bakarkako erlojupekoa izatea "erronka erakargarria" ere badela gaineratu du.

Errepidea, itxita

Azpimarratzekoa da ibilgailuek ezin izango dutela Oñati eta Elorregi arteko errepidea 16:00etatik 19:30era bitartean erabili. Ondorioz, oñatiarrek Legazpira eta handik Deskargarantz hartu beharko dute bailarako beste herri batera joateko.

Alde horretatik, itxiera perimetrala ezarrita egoteak on egin diela aipatu du Correasek, herritarren mugimenduak "murritzagoak" direlako. Itxierak itxiera, kirolarien arteko lehia, behintzat, irekia izatea espero dute guztiek. Garaipen nagusia, halaber, hurrengo aldia mugarik gabekoa izatea litzateke.

Andoni Correas, Aloña Mendi triatloi taldea: 

"COVID-19ak beste gainkarga handi bat ekarri digu antolaketan"

Iazko hitzordua pandemiaren hasiera bete-betean suertatu zen, eta, ondorioz, ezin izan zuten aurrera atera.

Zein neurri hartu dituzue duatloia antolatzeko?

Kasurik okerrenean jarri gara; hau da, protokoloak ezartzen dituen distantzia minimoak handiagotu egin ditugu.

Beharbada, horregatik erabaki duzue erlojupekoa egitea?

Bai; modalitate horrek lasterkarien arteko distantziak gehiago zabaltzea ahalbideratu digu, baina, era berean, buruhauste hutsa izan da, guretzat berria baita formatua.

Edozein federatuk izan du aukera parte hartzeko?

Ez, EAEn bizi direnek bakarrik, egungo legediak erkidegoen arabera mugatzen dituelako lasterketak. Hortaz, partaideei baimen bana igorri diegu.

Ibilbidea ere moldatu behar izan duzue, ezta?

Hori da! Oñatitik ez irteten saiatu gara, bestelako baimen berezirik ez eskatzeko. Beraz, ibilbidea ez da Elorregi baino urrunago luzatuko.

Zaleei zintzo jokatzeko dei egin diezue.

Bai, eta eurengan pentsatuz, streaming bidez eskainiko dugu karrera, modu duinean. Hainbat kameraren bidez ikusi ahalko da, eta unean uneko emaitzak ere jarriko ditugu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak