Juan Carlos Irizar musikari oñatiarra hil da

Maialen Santos 2021ko api. 22a, 20:21

Gaur arratsaldean zendu da, 69 urte zituela. Eskarmentu handiko musikaria, bere ibilbidean zehar hainbat orkestratako eta udal bandatako zuzendari izan zen. Donostiako Zinemaldiaren ereserkia eta Bilboko Mari Jaia martxa ere berak eginak dira.

Txikitan murgildu zen Irizar musikan; solfeoa, akordeoia eta txistua ikasi zituen, eta beranduago, baita pianoa eta organoa ere. Donostiako kontserbatorioan burutu zituen ikasketak, eta gerora jarraitu zuen ikasten Madrileko, Pabeko eta Erromako kontserbatorioetan.

Bere lanen artean aipatzekoak dira atera dituen 30 disko inguru, partituren liburuak, filma eta dokumentaletako soinu bandak, antzerkietarako musika piezak, Donostiko Iradier baleta eta Gasteizko Samaniego baletetako musika eta koreografiak.

Horretaz gain, hainbat musika banda eta abesbatza zuzendu zituen bere ibilbide musikalean. Debagoienari dagokionez, Arrasateko Aita Menni ospitaleko abesbatzako zuzendari izan zen, bertan musikoterapia saioak egiten baitzituen. Bost urteetan zehar, gainera, organo-jotzaile titularra izan zen Oñatiko San Migel parrokian.

Euskararen aldeko hainbat jaialdiren abestiak ere konposatu izan ditu; tartean, Kilometroak, Eskola Txikiak, Ibilaldia eta Euskera Pausoak.

Juan Carlos Irizar hainbatetan elkarrizketatu du GOIENAk. 2018an izan zen Goiena telebistako Hemen Debagoiena saioan, Pedaleando diskoa aurkeztu berritan. Ikus elkarrizketa osoa hemen.

Aurretik, 2016an, Aita Menni ospitalearekin batera abiatutako We are like you proiektuaren berri eman zuen Debagoiena zuzenean saioan; hemen elkarrizketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak