400 ume hartuko dituzte udaleku irekietan

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko api. 22a, 17:43
Joan den urteko udalekuetan parte hartu zuten gaztetxo batzuk Bidaurretan.

Ume kopurua lehen aldiz mugatzeaz gain, aurtengo beste berrikuntza da online bakarrik eman ahal izango dela izena, apirilaren 30era arte. Joan den urtekoen antzerakoak izango dira irekiak eta aurten ere ez da arte udalekurik egingo.

Ekainaren 28tik uztailaren 23ra izango dira aurtengo udaleku irekiak eta dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Aurten, gainera, online bakarrik eman ahal izango da izena. Horixe da berrikuntzetako bat.

Izen-ematea zabalik dago

Lehendabizi, ordainketa egin beharko da, eta ordainketa horren ziurtagiria bidali gero, orain arte moduan. Bidalketa hori, baina, Internet bidez egin beharko da www.oñati.eus webgunean; ziurtagiria eta umearen tutore baten nortasun agiriaren kopia atxiki beharko dira izen-emate orrira. Ordainketak egiteko, Laboral Kutxa eta Kutxabank banketxeetan kontu korronte zenbakiak jarri dira gurasoen eskura. Izena emateko azken eguna apirilaren 30a izango da, eta ez da epez kanpoko izen-ematerik onartuko. Laguntza behar duten gurasoek ludotekara jo ahal izango dute, 09:00eta-tik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00tara, edo telefonoz deitu, 688 78 66 59 zenbakira.

Prezioari dagokionez, joan den urteko berak izango dira aurtengoak: 71,53 euro da matrikula prezio orokorra, baina, seme-alaba batek baino gehiagok parte hartzen badu, matrikularen prezioa merkatzen joango da: bigarrenaren matrikula 61,31 euro izango da, hirugarrenarena 51,09 euro eta laugarrenetik aurrera, doan.

Plaza mugatuak daude

Udaleku irekietan 4 eta 12 urte arteko haurrek parte hartu ahal izango dute, 2009tik 2017ra bitartean jaiotakoek. Eta aurten 400 ume hartuko dituzte. Horixe da bigarren berrikuntza. Joan den urtekoen itxura izango dute aurtengoek ere, eta, talde txikietan egingo direnez, 400ean jarri dute muga. Plaza baino ume gehiagok ematen badute izena, zozketa egingo da maiatzaren 3ko astean. Lortzen ez dutenei dirua itzuliko zaie.

Joan den urtean bezala, aurten ere 09:00etatik 13:00etara egingo dira udaleku irekiak. Herriko hainbat puntutan egongo dira topalekuak eta taldeek txandaka egiteko moduan antolatuko dituzte ekintzak, jende pilaketarik ez gertatzeko. Talde bakoitzak bere materiala izango du eta saiatuko dira kanpoan egin daitezkeen ahalik eta ekintza gehien antolatzen; inguruko auzoetara joateko irteerak, tartean. Aurten, bestalde, ez da arte udalekurik egongo, udaleku irekiak bakarrik egingo dira.

Begiraleei dagokienez, 117k eman dute izena. Guztien dokumentazioa aztertzen eta begiratzen ari dira orain, eta aukeraketa egingo dute gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak