8.610 kilo elikagai batu dituzte Lesboseko errefuxiatuendako

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko api. 21a, 08:39

Martzelino Zelaian elikagaiak biltzeko prestatu duten lokala.

Hotz Oñati oso eskertuta dago elikagai bilketan parte hartu duten herritar, denda eta modu batera edo bestera bilketan lagundu duten denekin. 8.610 kilo batu dituzte eta gaur, eguaztena, eramango dituzte Zaporeak elkarteak Martutenen duen egoitzara, handik Lesbosera bidaltzeko.

Eguenetik zapatura bitartean egindako elikagaiak biltzeko kanpainak izan duen emaitzarekin oso pozik dago Hotz Oñati; 8.610 kilo elikagai jaso dituzte. Martzelino Zelaia kaleko lokal batean pilatu dute bildutako dena, eta 69 kaxetan -horietatik 45 handiak- sartu eta hamaika paletetan egokitu dituzte. Gaur, eguaztena, eramango dute bildutako dena Donostiara bi kamioetan, Zaporeak elkarteak Martutenen duen egoitza nagusira. Eta handik bidaliko dituzte elikagai horiek Lesbosera hango errefuxiatuendako, Zaporeak elkarteak ikusten duen beharraren eta momentuaren arabera, elkarte hori arduratuko baita banaketaz. Elikagaietako batzuk Zaporeak berak erabiliko ditu egunero egiten dituen jatorduak prestatzeko, eta beste batzuk hango familien artean banatuko dituzte eurek prestatzeko.

Hotz Oñatiren eskerrak

Hotz Oñati elkartea oso pozik dago emaitzarekin eta eskertuta bilketa honetan parte hartu duten guztiekin; eskerrak eman gura dizkie modu batera edo bestera kanpaina honetan parte hartu duten dendan, herritar edo eragileei. Logistika antolatzen batzuk, jakiak erosten askok, dendetan elikagaiak batzen boluntario asko... denei eman gura dizkie eskerrak.

Elkartasun biltegia, zabalik bihartik

Bestalde, Kale Zaharrean dagoen arropen eta bestelako osagaien elkartasun biltegia itxita egon da egun batzuetan han aritzen direnak janari bilketa honetan parte hartu dutelako. Baina gaurtik, eguaztena, zabalik egongo da berriz ohiko martxarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak