Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da egubakoitzean, eta hori aprobetxatuta, liburutegiko arduradun Arantzazu Ibarrondo izango da Zarramarra umore saioko elkarrizketatua. Aurreko saioan bezala, hainbat kolaboratzaile igoko dira oholtzara, Iker Plazaolak gidatutako saiora, eta antolatzaileek iragarri dute kide berri bat ere batuko dela euren artera, zein izango den aurreratu gabe.
Sarrerak, salgai
Aforo mugatua izan arren, lehenengo 137 sarrerak bi orduren bueltan saldu ziren. Lehenengo ikuskizunean lau ordu inguruan saldu ziren guztiak. "Ezohiko abiadura horren zergatia, garai oso zail eta grisetan, kalitatezko edukiak eta barre egin nahia daudela uste dugu, besteak beste. Oraingoan, Oñati egoera oso larrian egonik ere –gure artean baja bat dugu COVID19-agatik–, salmenta motelago doalarik ez dugu geratu nahi izan", adierazi dute taldekideek. Beraz, gogoratu sarrerak online erosteko aukera dagoela oraindik ere.
Egubakoitzekoa, azkena
Azaroaren 27an egin zuten estreinaldira itxaron gabe, iazko udan abiatu ziren etxetik Zarramarrako kideak podcastak sortzera. Askotariko gaiak izan dituzte hizpide, eta diote horrek lagundu ziela taldearen hizkuntza eta tonua garatzen. Azaldu dute egubakoitzekoa izango dela formatu horretan egingo duten azken ikuskizuna, eta podcastak egiten jarraituko dutela.