Oñatiko Inguma taldea gaur estreinatuko da agertokian, Antixeneko gaztetxean

Maialen Santos 2021ko mar. 13a, 10:41

Ezkerretik eskuinera, Markuleta, Albistegi, Perez eta Leturiaga. (Argazkia: Jone Markuleta)

Orain arte landutako abestiak aurkeztuko dituzte, eta Bergarako Barne Guda taldeak ere eskainiko du kontzertua. 17:00etan hasiko dira, eta sarrerak gaztetxean bertan eskuratu ahal izango dira, ordu erdi lehenago. 

Duela urte eta erdi inguru sortu zuten Inguma taldea Oñatiko lau gaztek: Ibon Perez (abeslaria), Alex Markuleta (baxu-jolea), Xabier Albistegi (bateria-jolea) eta Beñat Leturiaga (gitarrajolea). Osasun krisiaren eraginez, ezin izan dute kontzerturik eskaini, eta lehenbiziko aldiz bihar, zapatua, igoko dira agertokira.

Zazpi kantu propio

Emanaldirik eza aprobetxatu dute gazteek lanean jarraitzeko, eta entseguak egiten aritu dira azken hilabeteetan. Hala, denbora horretan zazpi kanta propio sortu dituztela azaldu du Beñat Leturiaga taldeko kideak: "Hain zuzen, horiek dira oholtzara eramango ditugunak, eta baita landuta ditugun bost kantaren bertsioak ere". Oi! musika estiloa dute ardatz eta euskaraz abesten dute. Abestien ezaugarriei buruz galdetuta, azaldu du historiko-politikoak direla horietako batzuk: "Hiruzpalau abestitan egin dugu Nafarroako historian atzera; erreferentzia asko egin dizkiogu". Leturiagak aitortu du "gogo handia" dutela herritarrei "taldea aurkeztu" eta eskaintzeko duten guztia "erakusteko".

Kontzertu bikoitza izango da Antixeneko gaztetxekoa; izan ere, talde oñatiarraz gain, Bergarako Barne Guda taldea ere igoko da agertokira. 17:00etan hasiko dira kontzertuak, baina aurrez, 16:30ean eskuratu ahal izango dira horietarako sarrerak, gaztetxean bertan, hiru euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak