Formigaleko (Aragoi, Espainia) eski estazioan jokatu zuten atzo, zapatua, arratsaldean mendi eskiko Espainiako Koparen bigarren jardunaldiko lehen ekitaldia. Igoera
bertikalarekin ekin zioten eskiatzaileek asteburuari. Lau kilometroko igoera eta 700 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidea prestatu zuten Club de Montaña
Pirineos taldeko antolatzaileek senior, junior eta jubenil mailakoentzat.
Seniorren mailan, gizonezkoetan, Pere Rullan kataluniarrak irabazi zuen proban, Euskal Selekzioko eskiatzaileen artean onena Axier Alonso (36.46)
oñatiarra izan zen zortzigarren postuan. Atzetik, hurrenez-hurren, selekzioarekin estrainekoz lehiatu zen Jon Ander Aranburu zumarragarra (36.56) sailkatu zen.
Selekzioko hirugarren kidea, Gartzen Elejabarrieta (37.41) abadiñoarra hamaikagarren izan zen helmugan.
Promesa mailan, Aitor Ajuriak (38.28) hirugarren postu bikain batean amaitu zuen lasterketa, eta bera izan zen Euskal Selekziokoen artean onena. Maila
estrainatzen zuen Rafa Urbizu (39.50) donostiarrak, seigarren amaitu zuen proba berean. Jubeniletan, Aimar Murua (40; 32) andoaindarra, igoera bikain baten
ostean, bigarren postuan sailkatu zen helmugan. Selekzioko bigarren jubenilak, Elur Zalduak (44.29), hamabigarren postuan amaitu zuen. Eta kadeetan, Haritz Arregi
oñatiarra hamahirugarren postuan sailkatu zen.
Emakumeetan, Carlota Martinez de Aragonek (56.42), estreinaldi aparta izan zuen selekzioarekin junior mailan. Bigarren postua eskuratzearekin batera,
etorkizunean kontutan hartzeko eskiatzailea izan daitekeela erakutsi zuen gasteiztarrak. Gazte mailan, berriz, Sara Arregi (1.05.07) oñatiarra, bosgarren sailkatu
zen.
Gauaur, domeka, banakako lasterketa jokatuko dute Pananticosako bainutegi inguruan prestatu duten ibilbidean.