Ongi taberna itxita egongo da asteburuan, "presioengatik" eta "herrian dugun intzidentzia tasa ikusita"

Oihana Elortza 2021ko ots. 26a, 09:53

Ongi taberna kanpotik.

"Egoerak gainezka egin digu. Saiatzen gara ahal dugun ondoen lana egiten, eta neurriak denok bete behar ditugu, baina denetarik entzun behar izan dugu azken egunetan, presioa handia izan da. Ostalaritza zabalik egotea gura dugu, baina Oñatiko egoera zein den ikusita asteburuan taberna ixtea erabaki dugu". 

Gaur, bihar eta etzi, asteburu osoan, itxita egongo da Ongi taberna bertako jabeek horrela erabakita. "Azken egunetan gauza asko entzun ditugu, presioa handia izan da. Gu saiatzen gara gure lana ahalik eta ondoen egiten, baina denok, tabernara datorren bezeroak barne, bete behar ditugu neurriak; maskara jantzita izan behar dugu eta lauko taldeak zaindu. Hori betetzen eta betearazten ibiltzen gara, baina azken egunetako presio honek gainditu egin gaitu", dio tabernako jabeak.

Oñatiko datuei erreparatuta, egoera ez dela ona dio eta "nahiz eta ostalaritza zabalik egotearen alde egon, uste dugu egoerak okerrera egiten badu berriz gu izango garela kaltetuenak eta ez zaigu ezer gertatuko taberna egun batzuez itxita mantentzen badugu. Asteburu honetan horrela egongo da. Azken asteetan jaso ditugun presioek eraginda eta herrian dugun intzidentzia tasa zein den ikusita erabakirik onena dela uste dugu. Eta ikusiko dugu hurrengo asteburuan zabaltzen dugun edo ez, egoeraren arabera hartuko dugu erabakia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak