Ligan ez jokatzea erabaki du Aloña Mendiko saskibaloiko talde nagusiak

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ots. 23a, 17:50

Mekalki-Aloña Mendiren eta Irungo Erroibide taldearen arteko partidua, urrian (Argazkia: flickr. Euskal Saskibaloi Federazioa)

Martxoaren 6tik ekainaren 13ra izango den liga berrian ez jokatzea erabaki du Oñatiko Mekalki-Aloña Mendi saskibaloi taldeak. Haatik, eutsi egingo dio kategoriari. Eremu gorritik irtendakoan entrenamenduekin jarraitzea da taldekideen asmoa.

Atzo, martitzena, Zubikoan egindako bileran hartu zuten erabakia saskibaloiko talde nagusiko jokalariek. "Joan den egubakoitzean federazioaren proposamen berria jaso genuen: martxoaren 6tik ekainaren 13ra egingo den liga berrian jokatzea. Jokatuz gero, mailaz igotzeko aukera izango genuke, irabaziz gero; gutxienez talde bat igoko baita. Proposamenari ezetz esanda, ez genuke jokatuko, baina mailari eutsiko genioke, hurrengo denboraldian gauden kategorian lehiatuko ginateke. Atzo egin genuen bilera taldeko guztiok kiroldegian eta bozketa bidez hartu genuen erabakia. Ezezkoa atera zen. Liga berri horretan ez jokatzea erabaki dugu", azaldu du entrenatzaileak, Aitor Ugartek.

Entrenamenduekin jarraitu

Aurtengo denboraldian bost partidu jokatu ditu Mekalki-Aloña Mendi saskibaloi taldeak: bi urrian eta beste hirurak urtarriletik hona. Oñati eremu gorrian sartuta, entrenamenduak etetea erabaki zuten, saileko gainerako taldeek egin zuten moduan. Harrez gero geldi daude jokalariak, entrenatu barik. "Martxoaren 6a bertan dago, egun dezente daramatzagu entrenatu barik, eta lesioak izateko aukerak gehitu egin daitezke. Eta datorren denboraldirako txukun egotea gurako genuke, orain hartutako minetatik errekuperatzen ibili barik. Eta ez lehiatzea erabaki dugu. Jokatzeko gogoa badugu, ordea, eta eremu gorritik irtetean entrenamenduekin hasteko asmoa dugu. Ez dugu geldi egon gura", dio Ugartek.

Mekalki-Aloña Mendiko kategorian 14 talde daude eta gaur-bihar artean jakin arazi behar diote federazioari zein den euren erantzuna.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak