Ainara Uribarri: "Elurretan korrika egiten ez dakidala ikusi dut"

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ots. 19a, 22:24

Ainara Uribarri asteburuan egin duen Larra Belagua lasterketan (Argazkia: Itzalak)

Zapatuan Larra Belaguan egindako Espainiako txapelketako elur lasterketan bigarren egin du oñatiarrak; hurrengo asteburuan, elur zeharkaldi batean hartuko du parte.

Lehen aldiz hartu du parte elurretako lasterketa batean Ainara Uribarri korrikalariak (Oñati, 1997), eta bigarren egin du. Gustatu zaio esperientzia, eta badu errepikatzeko asmoa, orain burua aurtengo helburuetan badu ere.

Probatzera joan, eta bigarren. Ez dago gaizki, ezta?

Ez, ez, oso pozik nago. Banuen gogoa elurretan korrika egiteko, eta, hasieran pixka bat kosta bazitzaidan ere, ondo joan zen lasterketa gero.

Kosta? Zergatik?

Nik, normalean, topera hasten ditut lasterketak, azkar. Eta asteburukoa ere horrela hasi nuen. Eta berehala konturatu nintzen ez nekiela elurretan korrika egiten, ez nuen asmatzen. Atzera begiratu nuen, eta haiek ere nire egoera berean egongo zirela pentsatu nuen, ezinka haiek ere. Zentratu egin nintzen, non zapaldu behar nuen ikusi, eta horrela egin nuen lehen itzulia. Bigarrena errazagoa izan zen. Proba amaitu zenean, bati baino gehiagori entzun nion elurra ez zegoela batere ondo korrika egiteko, baina nik ez nuen beste erreferentziarik, eta ezin konparatu.

Nolako lasterketa zen?

Bost kilometro eta erdiko zirkuitu bati bi itzuli eman behar genizkion, 400eko positiboarekin, guztira. Espainiako Txapelketa barruan lau lasterketa antolatzen dituzte, eta hau hirugarren zen; asteburuan izango da azkena. Nik, baina, honetan bakarrik hartu dut parte.

Aurten Oñatin egon da elurretan korrika egiteko aukera.

Bai, baina ni eskiatzen ibili naiz. Bizikletan ibili ordez elurretako zeharkaldiak egiten ibili naiz, baina korrika asfalto gainean egin dut. Egun hauetan hasi naiz korrikaldiak mendi inguruetan egiten.

Zein proba egingo duzu, bada, hurrengo?

Espainiako Kopa barruan dagoen zeharkaldi batean hartuko dut parte. Hurrengo asteburuan da, otsailaren 27-28ko asteburuan, Panticosan. Zapatuan hiru kilometroko igoera bertikala izango dugu, 700 metro positibo, eta domekan, berriz, hamabost kilometroko lasterketa, banaka.

Eta zein helbururekin zoaz?

Ba, indarra neurtzeko helburuarekin. Hemen ibili naiz zeharkaldiak egiten, baina lehen aldiz hartuko dut parte maila horretako lasterketa batean, eta zelan bukatzeko gai naizen ikusi gura dut, neure indarrak neurtzea. Ikusiko dugu.

Urtea indartsu hasi duzula dirudi. Horrela da?

Egia esan, bai. Elurretako lehen esperientzia hau gustatu egin zait eta hilaren bukaerako proba horietan parte hartzeko ere gogoz nago. Egia da aurten ezin izan naizela eskiatzera joan, baina hemen, etxean, hamasei aldiz jantzi ditut eskiak, eta konforme nago.

Oraindik ez dirudi lehen besteko lasterketa kopururik egingo denik aurten. Ze itxura du panoramak?

Herri lasterketak, popularrak, bertan behera ari dira gelditzen, bai, eta pena da hori, pena handia. Espainiako Federazioak antolatzen dituenak egingo dira, eta horiek izango ditut kontuan. Apirilean hasiko da lasterketa horien denboraldia. Apirilaren 15ean Sevillan egingo da bat, eta badut hara joateko asmoa.

Jaengo eta Gorbeiako lasterketak dira, baina, dituzun aurtengo helburu nagusiak, ezta?

Hori da. Jaengoa Espainiako Txapelketa barruan sartzen da. Maiatzeko lehen asteburuan izango da, eta hori izango da aurtengo dudan lehen helburua. Bigarrena Gorbeia Suzien mendi lasterketa da. Iraileko azken asteburuan da. Urruti dagoela ematen du, baina ondo joan gura dut, eta asko entrenatu beharko dut ganoraz prestatuta joateko. Dortsala badut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak