Oñatiko duatloia izango da aurten egingo den lehenengoa

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ots. 19a, 07:43

2019ko duatloiko argazkia

Aapirilaren 24an izango da, erlojuaren kontra arituko dira parte-hartzaileak korrika eta bizikleta gainean.

Egungo egoera tarteko, Euskadiko Triatloi Federazioko egutegian jasota zeuden lehen probak atzeratu egin dituzte, eta antolatzaileek horrela erabakita. Hala, Oñatikoa izango da aurten egingo den lehenengoa.

Batetik bestera tartea utzita

Eibarren eta Zornotzan egitekoak zirenak 2022ra, hurrengo urtera, atzeratu dituzte, eta Mungian egitekoa zenaren data berria ez dute oraindik zehaztu. Beraz, apirilaren 24an Oñatin egingo den duatloia izango da lehena, Aloña Mendiko Triatloi Taldeak eutsi egingo dio-eta datari eta probari; euren esku dagoen guztia egingo dute proba egiteko.

Antolatzaileek eurek aurretik azaldutako moduan, bakarkako erlojupekoa izango da aurtengo duatloia, ez da aurrekoetan egin den bezalakoa izango. Parte-hartzaileak banan-banan aterako dira, batetik bestera tarte bat utzita. Bi arrazoirengatik erabaki zuten horrela antolatzea: "Egin ahal izateko aukera gehien modu horrek eskaintzen dituela uste dugulako eta, aldi berean, erronka erakargarria ere izatea gura dugulako".

Plazan, Lazarraga jauregiaren ondoan hasi, eta plaza barrenean bukatuko da duatloia. Herri barruko zirkuitu batean egingo dute korrika, lehenengo, eta gero, bizikletan Elorregi aldera joango dira, bueltan San Pedro aldera hartu eta Santipillautik Asentziora eta handik kalera, berriz korrika egiteko. Antolatzaileek www.oñatikoduatloia.com helbidean jarri dute informazio osoa, ibilbideen mapak barne. Taldeko babesle izaten jarraitzen duten Lanari eta Magdalena gasolindegiari eskerrak eman dizkiete, babesagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak