Artedrama eta Huts Teatroa taldeek Atzerrian lurra garratz lana estreinatuko dute gaur, egubakoitza, Santa Ana antzokian. Duela bi urte hasitako proiektuaren estreinaldia izango da. Amancay Gaztañagak zuzendu du eta Ander Lipus eta Laura Penagos dira aktoreak.
Eta estreinaldiak dakarren urduritasunarekin baina pozik datoz gaur Oñatira. "Emakume artista atzerritar batek kontatu ahal digun horretan jarri dugu fokua, gu, euskaldunok, gai askoren gainean hausnartzera bultzatzeko asmoz. Ez dugu erantzun zehatzik ematen, baizik eta galderak botatzen dizkiegu ikusleei; esaterako: posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea? Eta posible da familiaren eta aberriaren zama gainean dugula hegaldi propioari ekitea?", aurreratu du Lipusek. Sarrerak agortuta daude.
Domekan, haurrendako saioak egongo dira. Hain justu, Futbolariak eta printzesak antzezlana ikusteko aukera izango da, Eidabe taldearen eskutik. Emanaldi bikoitza eskainiko dute: 16:30ean eta 18:00etan hasita.