Ikusleen artean aurten ez da gurasorik eta bestelako senide edo lagunik egongo. Txantxiku Ikastolan eta Elkar Hezin, gela bakoitzak berean ospatuko ditu Aratusteak; Txantxiku Ikastolan gaur, egubakoitza, bertan. Haur Hezkuntzakoen mozorroak neguari lotutakoak izango dira (bi urtekoak hartzez mozorrotuko dira, hiru urtekoak elur panpinez, lau urtekoak pinguinoz eta bostekoak inuitez). Lehen Hezkuntzakoak, gai librea izango dute, bakoitzak erabakiko du zertaz mozorrotu.
Berdin egingo dute Elkar Hezin martitzenean, bakoitzak aukeratuko jantziekin joango dira ikasle txikienak eta gaztetxoak. Hor ere talde bakoitzak bere gelan ospatuko ditu Aratusteak eta aurten ez dute etxekoen bisitarik izango. Aratusteak ohiko moduan ospatu ez arrena, betiko egutegia izango dute ikasle eta irakasleek.
Urgain Errekalden, urtero moduan landu dituzte Inauteriak eta aurten euskal mitologia izan da gai nagusia. Euren asmoa da kanpoko jolasleku handian egitea dantza gela bakoitzak banan-banan, beste ikaskide eta irakasleen aurrean, martitzenean; eguraldi txarra egiten badu geletan egingo dute ospakizuna.