Joan den astean ia 250 auto gelditu zituzten Oñatin udaltzainek jarritako kontroletan. "Gehienak, asko eta asko, mendira zihoazen oñatiarrak ziren. Egia esan jendeak, orokorrean, ondo errespetatu du itxiera perimetrala baina izan dira senideak bisitatzera edo Oñatitik kanpo bizi eta mendira etorri direnak ere. Horrelako kasu antzekoen bost isun proposamen egin ditugu", dio udaltzainburuak. Azkoagainen, Zubillagan eta Urtiagainen jarri dituzte kontrolak, adibidez.
Gaineratu du aste honetan ere jarriko dituztela kontrolak, baita autobus geltokietan ere: "Ertzaintzak ere areagotu egingo ditu itxiera perimetrala zaintzeko kontrolak eta guk ere egingo ditugu. Gainera, garraio publikoetan ere egingo dira. Ikusi da jendea erosketak egitera doala beste herri batzuetara, adibidez, eta horrelakoak zaindu gura dira. Oñatin ere egingo dira kontrolak autobusetan".
Zaintzeko eskaera
Oñatiko udaltzainburuak zaintzeko eta arduraz jokatzeko eskaera ere egin du, batez ere azken egunetan Oñatin datuak gora egin dutela ikusita.