Anartz Zuazuak zuzendutako lana iazko martxoan iritsi behar zen Oñatira, baina COVID-19ak emanaldia atzeratzea eragin zuen. Osasun neurri bereziekin azkar agortu ziren emanaldirako sarrerak eta bat eskuratzea lortu zuten haurrek gaur izan dute Kepa Errasti aretxabaletarra, Asier Oruesagasti eta Libe Aranburu protagonista dituen lana ezagutzeko aukera.
Santa Anan kontatutako istorioaren arabera, Hanselen eta Gretelen aitak janari osasuntsua egiten duten jatetxe bat dauka, baina egun batetik bestera jendea janari lasterra jatera behartua dago, errezeta osasuntsuen liburu guztiak desagertu baitira. Lanak batzen dituen abenturen atzean, "jaten dugunaren gainean arreta jartzeko mezuak" helarazi nahi dizkiete txikienei Borobil taldetik. Taularen gainean hiru lagun eta dekoratu gutxirekin aritzen diren arren, aktoreek diote eszenografian "garrantzi berezia" duela soinuak.